"Hau ez da autopista"
Gernika-Lumoko San Pedro auzoko bizilagunak kezkatuta daude euren etxebizitzen inguruan, aparkalekurako sarbidean, ibilgailuak abiadura biziz dabiltzalako, eta udalari esku-hartzeko eskatu diote.
Gernika-Lumoko San Pedro auzoko aparkalekuan eta sarrera irteeretan 20 km/orduko gehienezko abiadura ezarrita dago, baina, erabiltzaileek “ez dute errespetatzen”, eta hango bizilagunak kezkatuta daude. Auzoan “lasaitasunik eta segurtasunik ez daukatela” diote. “Ibilgailuak abiadura bizian etortzen dira, eta beldurragaz gaude. Auzoan beti egon gara lasai ibiltzera ohituta. Umetan gora eta behera ibiltzen ginen hemendik, eta, orain, badakigu auzoa ez dela lehengoa, eta umeekin kontuz ibili behar dugula. Auzo-bidea da, eta etxe aurrean autopista daukagula ematen du. Alkateak aurreko astean esan zigun ibilgailuen abiadura moteltzeko goraguneak ipintzeko lanetan hasiko zirela aste honetan, baina hona ez da inor etorri”.
Auzotarrentzat espaloirik eta bazterbiderik ez dago, eta oinezkoen pasabidea ere ez dago zehaztuta: “Bi auto gurutzatzen direnean, gelditu egin behar izaten gara. Bi norabideko sarbidea da, sartzeko zein irtetzeko bidea da, eta Lumotik jaisten direnek hemen sartzeko maniobra egin behar dute, eta zabor-edukiontziak ikuspegia galarazten du”.
Ibilgailuak “edonon” uzten dituztelako kexu dira: “Aparkalekua egin zutenean, sarreran, etxeen parean aparkatzea debekatzen zuen marra horia margotu zuten, hori desagertuta dago, ez dute berriro margotu, eta edonork edonon aparkatzen du. Zaborren kamioia ere gaizki aparkatuta egoten da, eta haren kiratsa jasan behar izaten dugu. Etxebizitzen eraikinean plaza pribatuak direla zehazten duen plaka ere badago, eta ez dute kasurik egiten. Gure garajera joateko daukagun sarreran ere kontu handiz ibili behar gara”.
Batik bat ikastolarako joan-etorrien orduetan “arazoa areagotzen” dela nabarmendu dute. “Erdigunetik trafikoa kendu dute, espaloi oso zabalak ipini dituzte eta terrazaz beteta eta lasai ibiltzeko moduan dago, eta trafikoa San Pedro auzora ekarri dute, autopista bihurtu dute. Babesik gabe gaude, eta eskerrak inoiz ez dela ezer gertatu, kontu handiz ibili garelako”.
“Berba egin eta guztiontzat ona izango den irtenbide bat topatu nahi dugu”
Konponbideak gura dituzte: “Abandonatuta gaude”. Udal ordezkariak eta udaltzaingoa “aspalditik” jakitun direla diote; hainbatetan idatziz –hainbat bide erabilita– zein aurrez-aurreko batzarretan euren arazo eta kezken berri eman diote alkateari. “Hutsik dagoen baserri hori aldundiarena da, eta zabortegia dirudi, jendeak edozer botatzen du, zaborrak, altzariak etab. Sasiz beteta dago, teilatuta ikusi ere ez da egiten. Adibidez, bota eta obra eginez gero, aparkalekurako sarrera bertatik egin ahalko litzateke, eta ikuspen hobea izango luke eta ibilgailuak ez liratezke gure etxe aurretik pasatuko”. Erantzunaren zain daude, eta dagokionari neurriak hartzeko eskatzen diote: “Itxaroten gaude. Era onean berba egin eta guztiontzat ona izango den irtenbide bat topatu nahi dugu”.
Edukiontziak. Bestalde, etxebizitzen inguruan birziklatzeko edukiontziak ipintzeko eskaera bideratu dute: “Ez daukagu birziklatzeko edukiontzirik, eta hemen jende piloa bizi gara”.