Zaurgarrienek %80ko hobaria izango dute Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan
Kotizazio gabeko pentsioak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenentzako hobaria da osoko bilkuran onartu dutena.
Bermeoko Udalak kotizazio gabeko pentsioak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ) %80ko hobaria edukitzea onartu du. Joan den egueneko [urriakl 26] osoko bilkuran aho batez onartu zuten, alderdi guztien –EH Bildu, Guzan, EAJ– baiezko botoekin.
Bermeoko alkate Nadia Nemehren hitzetan, “pauso handia” da ematen dutena: “Aldaketa horiek agerian uzten dute udalak konpromisoa hartu duela zerga-sistema bidezkoagoa sustatzeko, eta, era berean, herritarrak laguntzeko. OHZn hobariak ezartzea funtsezkoa da hazkunde ekonomikoa, justizia soziala eta jasangarritasuna bultzatzeko. OHZ denok ordaintzen dugun zerga da, eta finantza-karga esanguratsua izan daiteke familia askorentzat. Ildo horretan, gure politikak bidezkoak eta ulerkorrak izan behar dute”.
Hobaria ezarri ahal izateko, interesdunek beraien egoeraren egiaztapen dokumentazioa aurkeztu beharko dute; udalak, baina, aurrerago emango du dokumentazioa aurkezteko epeen barri. Iazko datua kontuan hartuta, alkateak esan du, 288 familia zeudela Bermeon zaurgarritasun egoeran.
Gainera, aipatu dute, OHZri buruzko arauak, aurretik onartuta zegoen hondamendi naturalak jasandako higiezinei kuotaren ehuneko hobaria ezartzearen ordenantza mantenduko duela.
Alkateak azaldu du Bermeoren mailako herriek hartutako neurriak kontuan izan dituztela %80ko hobaria aplikatzeko.