Hamabosgarrenera iritsi da Halloween Metal Fest jaialdia
20:30ean zabalduko dituzte Bermeoko Kafe Antzokiko ateak. Empire Of Disease, Bolu2 Death, Vita Imana eta Asgarth musika taldeak igoko dira agertokira.
Badator metalzaleen urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat, Halloween Metal Fest jaialdia. Aurtengoa, gainera, Spookypheria Productions elkartekoek jaialdia antolatzen duten hamabosgarren aldia da, eta, diotenez, hasierako “ilusio berdinagaz” antolatzen jarraitzen dute.
Ohi legez, Bermeoko Kafe Antzokia aukeratu dute metalzaleen topaleku izateko. Zapaturako [azaroak 4] jarri dute hitzordua, 20:30ean zabalduko dituzte ateak, eta lau izango dira agertokira igoko diren taldeak. Ateak zabaldu eta lehenengo kontzertua hasi orduko, bideoklipak jarriko dituztela azaldu dute, “girotzen hasteko”.
Lehenengo kontzertua 21:00etan hastea aurreikusten dute; Empire Of Disease taldearen ardura izango da bertaratutakoak girotzen hastea. Ondoren, 21:55 aldera hasiko dira Bolu2 Death taldekoak, eta horien ostean, Halloween Metal Fest jaialdian ezagunak diren Vita Imanakoek hartuko dute agertokia, 22:50 aldera. Aurtengo jaialdia Asgarthek zarratuko du, 00:20ean hasita.
Sarrerak salgai daude Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean. Bermeon bertan, Luman erosi daitezke 15 eurotan, eta, Bilbon, Metalen eta Gothic Zonen. Zapatuan bertan lehiatilan ere erosi ahalko direla zehaztu dute, 18 eurotan.
Beti esaten dute Halloween Metal Fest jaialdia elkarteko kideen “bi grina handi” batzen dituen jaialdia dela: zinema eta metala. Bi horiek uztartzeko asmoz jaio zen Halloween Metal Fest jaialdia, eta helburu berberagaz jarraitzen dute gaur egun.
Hamabosgarren aldira iritsita azaldu dute, jaialdia antolatzeko orduan asko ikasi zutela sasoi batean Bermeon antolatzen zuten Aritzatxu Rock Free jaialdiko antolatzaileetatik: “Jaialdiko kartela ez zen garrantzitsuena, baizik eta jendea eta musika taldeak tratatzeko modua. Ea egunen batean horrelako jaia berreskuratzen duten!”.
Eurek gustuko duten gauza bat egiten dute, beste batzuek gozatu dezaten, eta, diotenez, horrek “ez du preziorik”. Ez dakite Halloween Metal Fest noraino iritsiko den, baina Spookypheria Productionseko familiagaz jaialdia “gogotsu” antolatzen dutela diote.
Antolatzaileak zapatua iristeko zain daudela diote, eta gogorarazi dute Bilbotik Bermeora zapatuetan gauez ere trenak egoten direla, interesa daukaten horientzat guztientzat.