Etorkizuneko pilotarien haztegia
Herriko esku pilota kluba sortu dute Gautegiz Arteagan. Pilota eskolagaz batera, udalak kirol horrekiko zaletasuna bultzatzeko sustatzen duen bigarren egitasmoa da kluba.
Gautegiz Arteagako Udala pilotalekua eta pilotarekiko zaletasuna bultzatzeko neurriak hartzen ari da, eta zenbait egitasmo plazaratu ditu aspaldion, helburu horien bilaketan. Horietako esanguratsuena herriko esku pilota klubaren sorrera izan da. Gautegiz Arteagako pilota eskolako gaztetxoei kirol horretaz modu antolatuagoan gozatzeko aukera emango die klubaren jaiotzak. Patrik Saitua alkateak azaldu duenez, lehenago ere bazegoen klub bat udalerrian, baina orain modu ofizialean berreskuratu gura izan dute. Izan ere, Gautegiz Arteagan pilotarekiko “zaletasun esanguratsua” dago: “Betidanik izan da pilota tradizio handiko herria, eta helburua, horrenbestez, kirol hori berreskuratu, bultzatu eta gazteenen artean sustatzea da; gainera, hura praktikatzeko baldintza guztiak betetzen dituen pilotalekua daukagu, eta hori ere hauspotu beharra dugu”.
Gautegiz Arteagako pilota eskolako pilotari gazteek astean egun bitan entrenatzen dute: martitzenetan eta barikuetan. Eurak dira klub sortuberriari jarraipena ematea espero dutenak: “Herriko haurrek pilota modalitateak ikasteko aukera daukate, pilota eskolagaz entrenatuz eta gozatuz. Herriko haur guztiak animatzen ditugu eskolan eta klubean izena ematera eta pilota aisialdirako nahiz kirola egiteko erabiltzera, esku pilota gure izaeraz eta tradizioez berba egiten duen kirola delako”.
Aurrerantzean pilotari kopurua handitzeko asmoa dute
Bide onetik. Esku pilota klubak, gaur-gaurkoz, 24 pilotari dauzka. Udaletik nabarmendu dute, bestalde, Lea Ibarra-Motrollo Klubaren laguntza ere eduki dutela. 24ko talde horretako zenbait pilotari irailean hasi ziren lehiatzen. Momentuz, erremintan jokatzen dute denek, hau da, gomazko pilotagaz, larruzko paletagaz, pala motzagaz eta palagaz. Edozelan ere, esku pilotan lehiatzeko asmoa dutela aurreratu du Saituak, baita klubeko pilotari kopurua handitzekoa ere. Kadete mailatik gorakoek (14 urte baino gehiago dituztenek) izena eman dezakete pilota klubean, azterketa medikoa gainditu ostean, Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzako lehendakari Enaitz Olaetak argitu duenez: “Federakuntza batzarretik udalerriei laguntza eta babesa ematen dizkiegu, Gautegiz Arteagakoa bezalako klubak ederrak sortzeko”.
Montorre Herri Ikastetxeko umeek pilotari buruzko saio teorikoak zein praktikoak jasotzen dituzte
Montorrekoekin ere lanean. Kirola bultzatzeko estrategia hori tarteko, Montorre Herri Ikastetxeagaz ere beharrean ari dira: “Pilotaren historia eta jokatzeko erabiltzen diren denetariko tresnak ezagutzen ari dira umeak. Gainera, esku pilotan jokatzen ikasteko saio teorikoak nahiz praktikoak jasotzen dituzte, noizbait pilota eskolan edota klubean aritu daitezen”.