Ludotekako instalazioak txukundu dituzte Mundakan
Mundakako Udalak jostailu dendan eta altzarietan material berria ipini du ludotekan, eta jolasteko gunea ere zabaldu egin du.
Mundakako udal gobernu taldeak zenbait berrikuntza eta egokitzapen egin ditu udalerriko ludotekan. “Zerbitzuekin duen konpromisoari” jarraituz egin dituzte lanok, Herritartasun Zinegotzi Begoña Baskaranek azaldu duenaren arabera. Batetik, ludotekako jostailu dendan nahiz altzarietan material berria ipini du udalak; modu horretan, umeen sormena zein irudimena lantzeko “beste jolas giro bat” edukiko dute. Bestetik, jolasteko espazioa zabaldu egin dute, eta adin guztietako haurrei bideratutako jolasak ipini dituzte.
Baskaranek adierazi du hobekuntza horiek “mundakar herritarrei entzutearen ondorio” direla eta, era berean, udalak ematen dituen zerbitzuak “berrikustearen kausa” ere bai. Hala ere, aurreratu du lanak ez dituztela amaitu: “Ludotekaren instalazioak hobetzen jarraituko dugu. Udal gobernu lantaldetik beti gaude prest herritarrek esateko digutena aditasunez entzuteko. Izan ere, ekintza horiek izango dira udalerria hobetzeko noranzkoa erakutsiko digutenak”