Bihar Lekeition jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken kanporaketa
Azken aurreko kanporaketa, berriz, Igorreko Lasarte aretoan jokatu zuten domekan [urriak 29], eta Oihana Bartra gailendu zen. Igorreko saioan bigarrena izan zen Aissa Intxausti lekeitiarra, eta hirugarrena izan zen Asier Galarza muxikarra.
Amaitzear dago Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren kanporaketa fasea. Bihar Lekeition lehiatuko dute txapelketako azken kanporaketa, eta bertan erabakiko da zein bertsolari arituko diren finalaurrekoetan. 17:00etan Ikusgarri zineman jokatuko dute saioa, eta bertan ariko dira Beñat Bilbao eta Koldo Gezuraga bertsolari gernika-lumotarrak. Eurekaz batera, Aitor Arrutia, Eneko Abasolo Maite Sarasola eta Peru Irastortza igoko dira oholtzara.
Azken aurreko kanporaketa, berriz, Igorreko Lasarte aretoan jokatu zuten domekan [urriak 29], eta Oihana Bartra gailendu zen. Saioa irabazita, finalaurrekoetara sailkatu da bilbotarra. Igorreko saioan hirugarrena izan zen Asier Galarza bertsolari muxikarra.
Lan puntuagarri guztiak egin eta gero, Bartra izan zen puntu gehien bildu zituena: 447,5. Bere atzetik sailkatu zen Aissa Intxausti lekeitiarra, 455,5 puntu batuta. Hamarreko txikian egin zuen lanik onena Lekeitiokoak, Palestinareko kontrako genozidioa salatzeko manifestazioan parte hartu ostean, bere herrian Ukrainiako bandera jarrita zegoela ikusterakoan egindako hausnarketari esker. Haren atzetik sailkatu zen Galarza, 447 puntugaz, eta puntu erantzunetan nabarmendu zen muxikarra; euskara epaileen jomugan dagoela izan zen bere gaia lan horretan.
Jone Larrinaga Dañobeitia sailkatu zen laugarren, 437,5 puntugaz, eta puntu berberak lortu zituen Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarrak. Eneko Aldana foruarra izan zen seigarrena, 410 puntu bilduta.
Lekeitioko saiorako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian.