Lehen mailako bertsolariak ariko dira Astelehen Bezperako Bertso Saioan
Domekan, 18:00etan hasiko da bertso saioa Lizeo Antzokian, eta hurrengoak ariko dira bertsotan: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga. Dagoeneko 200 sarrera daude salduta.
Kultura eta bertsolaritza bultzatzeko helburuz, Urriko Azken Astelehenaren bezperako domekan [urriak 29] bertso jaia ospatzea erabaki zuten Lilibertsoko kideek lauzpabost urte, eta, tradizio bihurtu den “lehen mailako bertso saioa” antolatu dute gaur egun ere. Hori dela eta, punta-puntako bertsolariak igoko dira Astelehen Bezperako Bertso Saioaren oholtzara: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin, Unai Iturriaga, Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga. Domekan, 18:00etan hasiko da bertso saioa Lizeo Antzokian, eta Ander Elortegi arduratuko da gaiak jartzeaz.
Egonkortutako saioa da domekakoa: “Bere garaian Astelehentxutxuren eta Urriko Azken Astelehenaren artean hutsune bat zegoelako antolatu genuen lehenengoz, baina orain, egutegietan markatutako jaaldia da”. Izan ere, jendeak badaki jaialdiaren eguna zein den. Gainera, lehen mailako bertso saioa prestatzea erabaki zuten hasieratik: “Gernikako Andra Mari eta San Roke jaietakoaz eta Lurgorriko jaietako bertso saioez salbu, udalerrian ez geneukan bertso jaialdi handirik udalerrian, denak ziren bertso afariak edota bazkariak. Hala, bertsoaren festa antolatzea erabaki genuen”.
Hala ere, iaz lehenengoz, Lilibertsoko kide bat igo zen oholtzara. Koldo Gezuraga izan zen bertso taldeko lehenengoa, eta, aurten, Etxebarriazarragak hartuko dio lekukoa: “Aitor ez da bertso eskolako kidea bakarrik, Bizkaiko bertso txapelketako finalistetako bat ere bada, baina berez, leku hori Lilibertsoko kide modura dauka”. Datozen urteetan ere dinamika horregaz jarraitzeko asmoa dute, eliteko bertsolariekin Lilibertsoko bat jartzeko. “Hainbat urte daramatzagu bertsotan, eta saio horretan parte hartzeko maila daukagula iruditzen zaigu. Apustua egin gura dugu”, adierazi dute.
Sarreren salmenta “oso ondo” doala diote, dagoeneko 200 sarrera salduta daudelako, eta 300 inguru saltzea aurreikusi dute: “Ia-ia aretoa beteko dugu. Beti saltzen ditugu 300 sarrera inguru, eta jende asko batuko gara oraingoan ere”.
Hala, herritarrei bertaratzeko deia egin diete Lilibertsokoek, “saio entretenigarria” izango delako: “Bertsolari horiekin saioak osagai onak ditu, eta Ander Elortegi gai jartzaileak ukitu umoretsua ere jarriko dio saioari. Denbora arin pasatuko da”.