Eibar eta Nabarniz arteko bidea egingo dute mendizaleek
Athletic Nabarniz lagunarteak antolatu du 47. Eibar-Nabarniz mendi martxa. Horretarako, aurretiaz izena eman beharko da.
Zapatuan [urriak 28] 47. aldiz egingo dute Eibar eta Nabarniz arteko mendi ibilaldia. Athletic Nabarniz lagunarteak antolatu du 47. Eibar-Nabarniz mendi martxa, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Horretarako, aurretiaz izena eman beharko da 655 70 06 52 telefono zenbakira deituta.
06:00etan hasiko dute eguna parte hartzaileek: Nabarnizko autobus geltokian dute hitzordua, Eibar eta Ermua arteko mugara abiatzeko. Aurreikusi dutenez, gutxi gorabehera, 07:00etan hasiko dira mendizaleak lehen pausoak ematen.
31 kilometroko bideari egingo diote aurre, Trabakua, Zengotiagane, Oiz, Gambe, Astorkigana, Kanpona eta Arrola igaroz. “Eguerdirako hasiko dira lehenengo parte hartzaileak Nabarnizera ailegatzen”, adierazi dute antolatzaileek.