'Bidasoa' kantua moldatu du Eñaut Elorrietak
Euskadiko Orkestrak eta Amorantek parte hartu dute, eta kantu honen bitartez lortzen dituzten irabazi guztiak Irungo Harrera Sarera bideratuko dituzte.
Fantasia albumaren parte den Bidasoa kantua moldatu du Eñaut Elorrietak, eta Euskadiko Orkestrak eta Amorantek parte hartu dute. Hain zuzen ere, Fernando Velazquez orkestra zuzendaria izan da orkestrarako kantuaren moldaketa egin duena.
San Joan egunean grabatu zuten bideoklipa orkestraren Donostiako egoitzan, eta Bermeoko Arriguri izan zen egonaldia irudietan jasotzeaz arduratu zena.
Zer eskatzen zaio paisaia bati? Zer ahazten du urak? Zer daramaki? Nola egin gorputz bat zati-zati? Zenbat hegi ditu Bidasoak?… asko dira Bidasoa kantuak batzen dituen galderak. Muga ur xirrixta bat dela dio, eta Bidasoak nori abesten dion galdegiten du: “Bidasoak daki“.
Hori horrela, kantu honen bitartez lortzen diren irabazi guztiak Irungo Harrera Sareari bideratuko zaizkiola aurreratu du abeslariak.
Fitxa teknikoa.
Musika: Eñaut Elorrieta
Hitzak: Uxue Alberdi
Kitarra eta ahotsa: Eñaut Elorrieta
Tronpeta: Iban Urizar ‘Amorante’
Orkestraren grabaketa: Marc Blanes
Amorante eta Eñaut Elorrietaren grabaketa: Victor Sanchez, Elkar estudioa (Donostia)
Nahasketa: Haritz Harreguy, Hi gain estudioa (Usurbil)
Masterizazioa: Victor Garcia, Cool V Mastering (Bartzelona)