Lurrak ezkutatzen dituen altxorrak ezagutaraziz
Jon Zamalloa Korta geologoak, Ibarrangeluko diapiroa ezagutzera emateko, hitzaldia eta ibilbide gidatua egin ditu joan den asteburuan. Hainbat herritar elkartu dira, eta interes handia erakutsi dute.
Diapiro terminoa ezezaguna zen hainbat ibarrangelutarrentzat, iragan asteburua orduko. Jon Zamalloa Korta geogolo bedaronarrak hitzaldia eta ibilaldi gidatua egin zituen barikuan [urriak 20] eta zapatuan [urriak 21], hurrenez hurren. Bertan, herriko mendi eta kostalde eremuetan topa daitekeen diapiro izeneko elemento geomorfologikoa, flysch beltza edo fosilak landu zituzten.
Barikuan oinarri teorikoa egin ondoren, ikasitakoak praktikara eroan zituzten zapatuan, Ibinako Lapatzako ibilaldi gidatuan
Bariku arratsaldean, kultur etxean hogei pertsona inguru bildu ziren, eta, kontzepturik oinarrizkoenetatik abiatuta, aipatutako gaiei buruzkoetan sakontzen joan ziren. Zapatu goizean, ikasitako teoria praktikara eroan zuten. Hogeita hamar herritar inguruko “talde polita” osatuta, Ibinako Lapatzan ordu eta erdi inguruko ibilbide geologikoa egin zuten.
Ibarrangelutarrek, gainera, euren zalantza guztiak galdetzeko aukera eduki zuten. Zamalloak adierazi duenez, galderarik ohikoenak arroken ingurukoak izan ziren: “Batetik, arroken kokalekuak eta euren sorrerak arreta deitzen diela igarri nuen; bestetik, arrokak osatzen dituzten mineralek ere jakingura piztu zuten. Oro har, antzeman nuen orain arte gutxi samar kontatu zaiela herritarrei euren udalerriko altxorrei buruz; hortaz, jakiteko eta galdetzeko borondate handiagaz sumatu nituen. Kuriositate hori eskertzekoa da”.
Jon Zamalloa Korta: “Inguruko herrietan ere azalpenak eta ibilbideak egin gura ditut, esate baterako, Ispasterren”
Lanean jarraitzeko gogotsu. Etxean, Bedaronan, egin zuen Zamalloak bere estreinako ibilbide geologiko gidatua; kostako flysch beltza landu zuen orduan. Ibarrangeluko esperientzia “apartaren” ostean, inguruko herritarrekin lanean segitzeko asmoz dago Zamalloa: “Inguruko herrietan ere azalpenak eta ibilbideak egin gura ditut, esate baterako, Ispasterren”.