Lehen euskal selekzioa ezagutzeko parada
Mundakako Kasinoak 'Los gudaris del balón' hitzaldia hartuko du barikuan, 19:30ean. Historiako lehen euskal selekzioaren historia argitara emango dute.
Joseba Gotzon Varelak musikari eta idazleak Los Gudaris del Balón izeneko hitzaldia emango du datorren barikuan, urriaren 27an, Mundakako Kasinoan, 19:30ean hasita. Euzkadiko lehendabiziko futbol selekzioa edukiko du ahotan Gotzonek. Selekzio hori 1937. urtean, 37ko gerran bete-betean sartuta zeudela, sortu zuen lehen Lehendakariak, Jose Antonio Agirrek. Lehen talde hartako jokalariak “sasoiko onenak” izan ziren, eta, besteren artean, Europako eta Amerikako hainbat herrialdetan aritu ziren. Guztira, 80 futbol partidu jokatu zituzten. Norgehiagoka haietan, gainera, beraien aldarrikapen armarik eraginkorrena baliatu zuten: baloia.
Selekzio hark, urte bitan, hainbat aurkezpen eta jarduera egin zituen, Francoren altxamendu militarraren ondorioak pairatzen ari ziren biztanleen egoera munduari ikusarazteko, propaganda lana egiteko, eta pertsona haientzako dirua biltzeko. Ez hori bakarrik: Miarritzeko La Rosariae ospitalea mantentzeko gai izan ziren; toki hartara eroaten zituzten, hain zuzen ere, gerrako mutilatuak. 1939an desagertu zen, Mexikon, selekzioa. Jokalari gehientsuenak bertara joan ziren errefuxiatu legez eta, horrenbestez, euskal kirol diaspora bihurtu zen.
Ikus-entzunezkoa eta musika. Hitzaldia orduko, Enrique Ballesteros kirol kazetari mexikarrak Un equipo de hermanos izeneko dokumentala emitituko du Kasinoan bertan. Gotzonek, gainera, hiru abesti joko ditu: Europako Jira, Ameriketara eta Desagerpena. Hirurak Nortasuna albumean ageri dira; 1999. urteko lan hartan, hain zuzen, Niko Etxartegaz eta Gontzal Mendibilegaz grabatu zuen.