Taldekako faseko azken partidua: Malosten eta moralez gainezka
MB Zaglebie Sosnowic talde poloniarraren aurka jokatuko du bihar [urriak 25] Lointek Gernika Bizkaiak, 20:00etan hasita, EuroCup Womeneko hirugarren jardunaldian.
Maloste EuroCup Women lehiaketako zita handiei darien ikuskizunaren zain dago: Lointek Gernika Bizkaiak MB Zaglebie Sosnowic taldearen kontra jokatuko du bihar [urriak 25] txapelketako hirugarren jardunaldiari dagokion partidua, 20:00etan. Hitzordu oso garrantzitsua izango da Lucas Fernandezen jokalarientzat, Europako lehiako taldekako fasean etxean jokatuko duten azkenengo neurketa izango baita.
Aurrekoan, Lattes Montpellier talde frantziarraren kontra jokatu zuten, eta puntu bakarragatik galdu. Edozelan ere, gernika-lumotarrek berehala berreskuratu zituzten sentsazio onak, Valentzia Basket boteretsuari etxeko zaleen aurrean 84-64 irabazi baitzioten. Horrenbestez, motibazioa bete-betean dutela ekingo diote poloniarren aurkakoari. Lattes Montpellier ez bezala, MB Zaglebie Sosnowic zuzeneko aurkaria izango da, Gernikaren pareko egitura eta maila baitu bai lantalde aldetik, bai aurrekontuari dagokionez. Urteko “hil ala biziko lehen partidua” izateko osagai guztiak edukiko ditu partiduak, hortaz.
MB Zaglebie Sosnowic maila handiko taldea da erasoaren, barrualdeko jokoaren eta hiruko jaurtiketen alorretan
Jordi Aragonesen taldeak jokalari boteretsuak ditu lantaldean. Aipagarrienak Britney Jones eta Batabe Zempare estatubatuarrak dira. Biak ala biak gako izango dira poloniarren erasoaldietan. Horrez gain, Quin Dornstauderren barrualdeko jokoa nabarmendu beharra dago; jokalari horrek, gainera, sobera ezagutzen du Emakumezkoen Endesa Ligako taldeen jokoa, hainbat etxetan aritutakoa delako. Hiruko jaurtiketetan ere talde arriskutsua da Poloniakoa; Zoe Wadoux espezialista daukate. Lantaldea jokalari poloniarrek osatzen dute, besteren artean, Marzena Marciniakek, Martyna Jasiulewiczek eta Klaudia Wnorowskak.
Lointek Gernika Bizkaiatik aurreratu dute euren lantaldearen “aniztasuna” baliatu beharko dutela
Berrogei minutuko borroka. Poloniar ligan 3-0eko bilakaeragaz ailegatuko dira Malostera, baina EuroCupeko lehendabiziko jardunaldian 86-62ko markagailuagaz galdu zuten Lattes Montpellierren aurka. Poloniarren kontra egin beharreko joko moldeari dagokionez, Lointeketik aurreratu dute beraien lantaldearen “aniztasuna” baliatu beharko dutela, alderdi eta ñabardura gehiagoko saskibaloia jokatzeko. “Berrogei minutuko borroka gogorra” izango dela iragarri dute gernika-lumotarrek; izan ere, taldeko bigarren postua jokoan egongo da. Zentzu horretan, puntuen average-a ere giltzarri izan daiteke, Lattes Montpellierren aurkako partiduan puntu bakarragatik –69-70eko markagailuagaz– galdu baitzuten Malostekoek.
Itziar Ariztimuño: Europan bizirik jarraitzeko, partidu hau irabaztea urrats oso garrantzitsua izango da”
Itziar Ariztimuño Gernikako kapitain bilbotarrak garaipena “nahitaezkoa” izango dela azpimarratu du: “Europan bizirik jarraitzeko, partidu hau irabaztea urrats oso garrantzitsua izango da”. Azken egunotako sentsazio onak poloniarren aurkakoan islatu beharraz ere mintzatu da, betiere zailtasunen jakitun izanda: “Beraien boskote titularra maila handikoa da, baina aurre egiteko prest gaude. Erasoaldietan maila emateaz gain, norgehiagokako gakoa defentsa lanetan egongo da: ezin izango dugu defentsan akatsik egin”. Taldeak Valentziaren aurkakoan konfiantza jasota, Malosteko harmailak Europako zita handietako baten esperoan daude.