Pforzheimeko ikasleak Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzen ari dira
Hogei ikasle eta bi irakasle etorri dira, udalerriko institutuko ikasleekin astebeteko trukaketa egiteko asmoz.
Urtero legez, aurten ere, Pforzheim hiriko (Alemania) ikasleak hartu ditu Gernika-Lumoko Institutuak. Hain zuzen ere, hogei ikasle eta bi irakasle etorri dira, udalerriko institutuko ikasleekin astebeteko trukaketa egiteko asmoz. Barikuan [urriak 20] ailegatu ziren alemaniarrak, eta barikura [urraik 27] bitartean egongo dira udalerrian.
Bien bitartean, Batxilergoko ikasleen etxeetan egongo dira, eta asteko egunetan, institutuak antolatutako ekintzetan parte hartzen ari dira. Dagoeneko ezagutu dituzte udalerriko zenbait gune, eta herri kiroletan ere aritu dira. Bilbo ezagutuko dute gaur, izan ere, Bizkaiko hiriburuko merkatua zein alde zaharra ikusiko dute, eta Guggenheim Museora joango dira gero.
Bihar, berriz, ibai ondotik ibilbidea egin eta gero, Euskal Herria Museora joango dira. Euskal kulturari eta tradizioari buruz ikasiko dute bertan, eta, ostean, Bizkaiko Batzar Etxera joango dira; Gernikako Arbola ikusi eta lurraldeko organo legegileetako bat ezagutuko dute.
Etzi, Bermeorta joango dira, eta kostako herriko kaleetatik ibili eta gero, Bermeoko eskola nautikoa bisitatuko dute, baita Arrantzaleen Museoa ere. Azken egunean, aldiz, Astra ezagutuko dute, eta arratsaldeko lehen orduan joango dira aeroportura.