Oporrak Bakean egitasmoaren bidez Bermeon egondako saharar bat hil du Marokok
Marokoko Armadako dron baten erasoaren ondorioz hil da Mulay Mohamed Aita. Besalde elkarteak Mulayren omenezko elkarretaratzea egingo du zapatuan.
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik berri latz bat jaso du Bermeoko Besalde –Bermeo Sahararen Alde– elkarteak. Jakitera eman dutenez, Marokoko Armadako dron baten erasoaren ondorioz, lau brigadista hil ziren urriaren 14an Mendebaldeko Saharan; horietako bat da Mulay Mohamed Aita. Hain zuzen ere, Oporrak Bakean egitasmoaren bidez Bermeon egondakoa zen Mulay. Gainera, Bermeon bizi eta oso ezaguna zen Mohamed Aita sahararren semea zela azaldu dute.
Besaldetik gogorarazi dutenez, 12 urtegaz etorri zen Mulay Bermeoko harrera familia batera, “eta hainbat urtetan aita ikusi barik egon ostean, elkartzeko aukera eduki zuten”.
Berriak “ustekabe handia” eragin du elkartean, baita ere sahararren komunitatearen artean. Besaldetik doluminak eman gura dizkiote Mulayren familiari. Aldi berean, elkartasuna adierazi gura diote “Saharar Herriak askatasunaren bidean urteetan daraman borrokari”.
Duela bi urte, azaroaren 23an, Marokoko Armadako hegazkin baten erasoaren ondorioz hil zen Moji sahararra omentzeko batu ziren Lameran; Mojigaz egin modura, Mulayren omenezko elkarretaratzea deitu du Besaldek zapaturako [urriak 28]; 13:30ean jarri dute hitzordua Lamerako harrizko bankuan. Zapatukoa, hortaz, Mulay eta beragaz hil diren saharrak omentzeko eta Sahara libre bat aldarrikatzeko elkarretaratzea izango dela zehaztu dute.