Liburutegia Etxera ekimena jarri du martxan Gernika-Lumoko liburutegiak
Zerbitzu berri horren bidez, kultur etxeko arduradunek irakurketa bultzatzeko erraztasunak eman gura dizkiete mugikortasun murriztua duten herritarrei.
Gaur Liburutegien Nazioarteko Eguna dela eta, Gernika-Lumoko udal liburutegiak Liburutegia Etxera ekimena jarri du martxan, mugikortasun urriko pertsonei zuzendutako zerbitzu berria: “Liburutegira hurbiltzeko arazoak dituzten herritarrei zuzendutako ekimena da”.
Zerbitzu berri horren bidez, kultur etxeko arduradunek irakurketa sustatzeko erraztasunak eman gura dizkiete mugikortasun murriztua duten herritarrei, “inork irakurtzeko oztoporik izan ez dezan”.
Hain zuzen ere, Gernika-Lumon bizi direnek eta mugikortasun murriztua dutenek erabil dezakete zerbitzua, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako liburutegiko bazkide txartela ere eduki beharko dute. Baldintzak bete eta zerbitzua erabili gura izanez gero, liburutegiko telefono zenbakira (944 65 00 31) deitu beharko dute interesatuek, baita 630 07 16 81 telefonora Whatsappa bidali edota liburutegia@gernika-lumo.eus helbide elektronikora mezua bota ere.
Zehaztu dutenez, liburuen banaketa astelehen eta martitzen goizetan egingo dute, eta gehienez hiru liburu eskatu ahalko dituzte erabiltzaileek. Mailegu epea 21 egunekoa izango da; mailegu aldia amaitzen denean, irakurlearekin adostuko dute materiala jasotzeko eguna eta ordua, eta liburu gehiago eskatu baditu, horiek ere eroango dizkiete.