La Cavada Museoa ezagutu dute 57 nabarniztarrek
Nabarniztarrak Kantabria aldera joan ziren zapatuan [urriak 21], eta "egun bikaina" igaro zuten.
Nabarniztik Kantabriarako bidea egin zuten 57 nabarniztarrek zapatuan, eta egun “bikaina” pasatu zuten: “60 lagun baino gehiagok izena eman zuten, baina 57 animatu ginen azkenean”. Herritarren erantzuna, hala ere, “oso ona” izan zela adierazi dute antolatzaileek.
11:00etarako La Cavadan zeuden, eta hango museoa ezagutu zuten ordu eta erdiko bisita gidatu bati esker. 1622tik 1834ra bitartean kalibre handiko burdinezko kainoiak museo bihurtutako fabrika horretan urtzen zituzten, “herrialde askotako gotorlekuak eta itsas gerra ontziak hornitzeko”. Nabarniztarrek jakinarazi dutenez, Carlos III.ak eskatu zuen fabrika egiteko, eta herri hori aukeratu zuten leku apropos modura: “Lehengai gehiena, burdin minerala, Enkarterrietatik eroaten zuten, oso hubil zegoelako”. Fabrikako lehenengoa adituak flandiarrak izan ziren, eta herritarrek kudeatzen zuten. Azken urteetan, berriz, Espainiako erregearen esku geratu zen kudeaketa, eta gainbehera izan zuen.
Kalibre askotako kanoiak egiten zituzten fabrika horretan, eta horietako asko ikusi ahal izan zituzten nabarniztarrek: “Museoaren kanpoaldean kanoi ezberdinak daude, eta barruan, herriaren maketa handi bat. Horrez gain, kanoiak sortzeko mekanizazio prozesu guztia ikasi genuen, eta asko harritu gintuen horrek.”
La Cavadako museoa ikusita, Lierganesera joan ziren, eta herri “oso polita” dela adierazi dute antolatzaileek. Handik Hoznayo herrira lekualdatu ziren, Adelma jatetxean bazkaltzeko. Arratsaldea, berriz, Santoñan igaro zuten, eta iluntzean Nabarnizerako autobusa hartu zuten.