Euskal tradizioaren topalekua izan da Kanpantxu
Euskal Jaia ospatu zuten zapatuan [urriak 21], Kanpantxun. "Giro aparta" sortu zuten, eta "gozatzeko" eguna izan zen herritarrentzat.
Euskal tradizioa goraipatzeko eta gordetzeko eguna izan zen zapatukoa Kanpantxun. Euskal Jaian elkartu ziren herritarrak plazan, eta denetariko ekintzekin gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. “Giro aparta” sortu zuten, eta “gozatzeko” eguna izan zela diote antolatzaileek, “egun oso polita”.
Eguerdian hasi ziren ospakizunekin, izan ere, 12:00etan, txupina jaurti bezain pronto, dantza ikuskizuna eskaini zuten herriko txikienek. Ohiturari jarraituz, euskal dantza saioagaz hasi zuten festa Kanpantxun, eta iraileko barikuetan entseatutakoak erakutsi zituzten herriko dantzari txikiek; ezpata dantza, txulalai,
Dantza saioaren ostean, jendez bete ziren Kanpantxuko baserriak. Jan-edana ez zen falta izan, eta baserriz baserri euskal doinuak entzun eta dantzak praktikatu ahal izan zituzten bertaratu zirenek. Bide batez, gainera, bizilagunen arteko hartu emanak bultzatu zituzten. Egonaldia girotzeaz arduratu ziren Kittu elektrotxaranga taldeko kideak.
Ostean, frontoian batu ziren herri bazkarian. Sabela bapo bete eta gero, herri kirolez gozatzeko aukera izan zuten kanpantxuarrek. Izan ere, haur eta nagusientzako herri kirol erakustaldia eskaini zuten Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldeko kideek.
Piratek erakustaldia egin bitartean, biniloen saioa eskaini zuten Mungiko Azken Reggae Jantza taldekoek, eta eurek arduratu ziren gaua musikatzeaz ere.