Distira jokoan, garaipena markagailuan
Lointek Gernika Bizkaiak 84-64ko markagailuagaz irabazi dio Valentzia Basketi.
Ezer gehiago eskatu ahal zitzaion Lointek Gernika Bizkaiari, zapatuan [urriak 21]. Emakumezkoen Endesa Ligako eta SuperCopako egungo txapelduna, Valentzia Basket, hartu zuten Malosten eta, egundoko maila erakutsiz, 84-64 irabazi zuten etxekoek. Partiduko lehendabiziko 30 minutuetan, Gernikaren jokoari adjektibo bakarra ipini ahal izan zitzaion: distiratsua. Grace Bergerrek 8-0ekoa ipini zuen markagailuan; ondorengo erasoaldietan ere, Sofia Da Silva eta Laia Flores nahieran aritu ziren. Erasoan ez ezik, defentsan ere nabarmendu ziren gernika-lumotarrak: valentziarren ekinari galga ipini zioten. Bosgarren minutuan, 12-5ekoa erakusten zuen markagailuak, baina Marie Gulichek talde bisitaria berdinketaraino eroan zuen: hemeretzina puntu eginda amaitu zuten talde biek lehenengo laurdena.
Crystal Bradford estatubatuarrak eta Gabby Nikitinaite lituaniarrak 31-24raino hauspotu zituzten etxekoak, presioa eten barik. Lointekek saskibaloi bikaina jokatu zuen, oso poliedrikoa, aukera aldetik aberatsa. Horrek eroan zuen, hain zuzen ere, Valentziako entrenatzaile Ruben Burgos bigarren hutsartea eskatzera. Kanpokoek ez zioten partiduari ihes egiten utzi gura izan, eta 46-38koagaz hartu zuten atsedenaldirako bidea. Aldageletatik bueltan, sokatirak aurrera egin zuen: etxekoek mailari eusten zioten, baina ez zuten edozelako aurkaria aurrez aurre. Valentziak bere aukera guztiak agortzera arte borrokatu zuen, Rebecca Allenen ekarpenei esker. Baina Sara Maderak, lehenenengo, eta Itziar Aritztimuño bilbotar kapitainak, jarraian, etxekoen erakustaldiagaz jarraitu zuten. 73-53koagaz ekin zioten azkenengo laurdenari.
Lasaitasun bila. Azken lehia hartan, Valentziak estu hartu zituzten gernika-lumotarrak. Raquel Carrera galiziarrak bere taldearen lidergoa beregain hartu zuen, 0-5eko partziala eginez. Lucas Fernandezek Bradford jokotik atera zuen eta Bergereren alde egin zuen apustu; Lointeken jokoak lasaitasuna behar zuen. Valentziarrek beste askotan baino hutsegite gehiago egin zituzten, ez ziren hain fin ibili. Etxekoek, ostera, ez zioten ihes egiten utzi aukera bikain hari, eta 84-64koagaz nagusitu ziren. Partidu borobila eta erakustaldia Lointek Gernika Bizkaiarentzat.