'Amatau pantailak' emakumeen antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute mendatarrek
Emakumeek pelikuletan edota serieetan betetzen dituzten "rol estereotipatuak" ikusarazi eta kritikatuko dituzte Muxikako Oxygastra Curtisii elkartekoek Mendatako oholtza gainean. Landa eremuko emakumeak herri bazkarian ere elkartuko dira bihar.
Muxika, Gorozika eta Ibarruriko emakumeek antzezten duten Amatau pantailak antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute mendatarrek, bihar, 19:30ean, Mikel Deunaren elizan.
Oxygastra Curtisii emakume taldearen laugarren antzezlana da, eta telebistan edo zineman emakumeek bete dituzten rolei buruzko kritika umoretsua da. “Emakumezkoak dira Harry Potterren trama aurrera eroaten dutenak, baina gizonezkoak dira protagonistak. Umeen pelikuletan, motzak eta lodiak izaten dira gaizkileak, eta mendebaldeko filmetan ez dira emakumeak agertzen, eta ageri direnean, prostitutak edota gizonezkoen zai daudenak izaten dira”, dio Onintza Enbeita antzerkiaren zuzendariak. Hala, emakumeek zinemetako pelikuletan zein serie desberdinetan betetzen dituzten rol estereotipatuak ikusarazi eta kritikatuko dituzte.
Pantailetan emakumeak zelan eta zenbat ageri direnari buruz “gutxi” eztabaidatze delako abiatu zuten proiektua, eta horri buruz hausnartzeko deia kaleratzea dute helburu. Hala, 45 emakumek esanguratsuak diren filmetan emakumeen papera zein den kontatuko dute.
Landa eremuko emakumeen bazkaria.
Antzerkiaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, landa eremuko emakumearen eguna ospatzeko hitzordua jarri dute biharko. Artape tabernan bilduko dira 14:30ean, eta euren esperientziak partekatuko dituzte bertan.
Urriaren 15ean izan zen landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna, hau da, mundu osoko landa eremuetan emakumeek egiten duten ekarpen ekonomiko, sozial eta kulturalak aitortzeko eguna. Elikagaien segurtasunari egiten dioten ekarpen erabakigarriak merezi duten garrantzia agerian uzteko eguna ere bada urriaren 15a.
Landa eremuko emakumene lehen nazioarteko eguna 2008ko urriaren 15ean izan zen, izan ere, Batzar Nagusiek 2007ko abenduaren 18ko 62/136 ebazpenean onartu zuten. Hala aitortzen du ebazpenak: “Landa eremuko emakumeek, emakume indigenak barne, nekazaritza eta landa garapena sustatzeko, elikagaien segurtasuna hobetzeko eta landa pobrezia desagerrarazteko duten funtzio eta ekarpena erabakigarria da”.