Euskal ohiturak eta identitatea plazaratzeko eguna
Ohiturari eutsiz, euskal dantzekin hasiko dute jaia. Aurten, herriko txikienen dantza saioak emango dio hasiera festari. Gero, baserriz baserri joango dira bertaratzen direnak, eta arratsaldean herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute.
Babestutako ezagutza da folklorea. “Garai batean gure arbasoek sortu zutena, eta egun gure nortasunaren adierazgarri dena”. Hala, herri txikiaren adierazle den festa ospatuko dute Kanpantxun zapatuan: Euskal Jaian batuko dira ajangiztarrak.
Euskal tradizioa goraipatzeko eta gordetzeko eguna izango da, eta jaiak jendez beteko ditu Kanpantxuko baserriak eta plaza, eta herritarrei zein inguruetako bizilagunei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Eguerdian hasiko dira ospakizunekin, izan ere, 12:00etan jaurtiko dute txupina plazatik. Jarraian, ohiturari eutsiz, euskal dantzak egingo dituzte. Aurten, herriko txikienak izango dira protagonista nagusiak, izan ere, irailetik barikuetan batzen ari dira, Euskal Jaiari hasiera emateko. “Euskal jaiari begira, txikienentzako dantza ikastaroak prestatu ditugu, eta dantzari txikiak izango dira jaia hasteaz arduratuko direnak”, azaldu dute antolatzaileek.
Dantzak eginda, ohitura den modura, baserriz baserri joango dira herritarrak, inguruko etxebizitza bakoitzaren aurrean egonaldiak eta dantzak egitera, eta, bide batez, bizilagunen arteko hartu emanak sustatuko dituzte. Iaz EinGo taldea arduratu zen musika jartzeaz, eta aurten Kittu elektrotxaranga izango da musika jarriko duena. Arduradunek zehaztu dutenez, bakoitzak bere edalontzia eroan beharko du poteorako.
Ostean, frontoian batuko dira herri bazkarian.
Sabela bapo bete eta gero, kirola egiteko eta ikusteko momentua helduko zaie kanpantxuarrei. Haur eta nagusientzako herri kirol erakustaldia eskainiko du Piratak Herri Kirol Taldeak, eta denetariko herri kirolekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Herri kirol erakustaldia egiten ari diren bitartean, gainera, biniloien saio bat eskainiko dute Mungiko Azken Reggae Jantza elkartekoek.
Hori amaituta, elkarteko kide batek musika jarriko du jaia amaitu bitartean.
Egitaraua.
12:00. Txupinazioa, umeen dantza eta poteoa Baserriz baserri. Kittu elektrotxarangak girotuko du egonaldia.
15:00. Bazkari herrikoia.
17:00. Herri kirolak Piratak Herri Kirol Klubaren eskutik. Azken Reggae jantza musika elkarteak girotuko du arratsaldea.
19:00. Dj ARJ Selectors.