Ajangizko bazter esanguratsuekin osatuko dute 2024ko egutegia
Argazkiak bidaltzeko azken eguna azaroaren 12a izango da, eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin diete udal ordezkariek.
2024ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa jarri du martxan Ajangizko Udalak, eta udalerriko bazter esanguratsuak izango ditu ardatz. Argazkiak bidaltzeko azken eguna azaroaren 12a izango da, eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin diete udal ordezkariek. Aurten helbide elektronikoz bidali beharko dira argazkiak, kultura.ajangiz@gmail.com helbidera, zehaztutako eguna baino lehen.
Azaldu dutenez, aurten ez da adin tarterik ezarriko lehiaketan parte hartzeko, baina argazkiek gaiarekin lotura izan beharko dutela azpimarratu dute. Gainera, argazkiak horizontalean aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek.
Gehitu dute parte hartzaile bakoitzarekiko argazki bakarra onartuko dutela, eta argazkiarekin batera egilearen izen-abizenak eta argazkiaren deskribapen txiki bat jaso beharko dituztela.
Jasotzen dituzten argazki guztietatik batzuk bakarrik agertuko dira egutegian, baina batutako argazki guztiekin erakusketa bat egingo dute kultur etxean; abenduraren 22an zabalduko erakusketa, eta jatekoa eta musika egongo dira.