Gaztetuta, egonkortuta eta koloretsu dator Winter Series txapelketa
Aurreko edizioekin alderatuta, 16 pilotarietatik zazpi berriak izango dira, ia erdiak. Inoizko ikusmin handiena eragin du hirugarren Winter Series txapelketak, 1.000 bazkide baino gehiagogaz.
Badatoz astelehenetako zesta-punta hitzorduak. Urriko Azken Astelehenean hasiko da gaztetuta datorren hirugarren Winter Series txapelketa, eta, otsailaren 18ra bitartean, zesta-puntaren egungo izarrak hartuko ditu Jai Alai pilotalekuak; astelehenetan jokatuko dira neurketa guztiak, finala eta abenduaren 31koa (9. jardunaldia) izan ezik, horiek domeketan lehiatuko baitira.
Pilotarien erdiak –hamaseitik zazpi– aurreko ekitaldietan jokatu ez dutenak dira: Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak, Erik Mendizabal mutrikuarra, Gorka Sorozabal eta Ludovic Laduche donibandarrak eta Pro Am-eko bi garaileak. “Berrikuntza handia da kirol ikuspegitik; batetik, azken hilabeteetako lesio eta erretiroek eraginda; bestetik, pilotarien arteko lehia gero eta handiagoaren ondorioz”, adierazi dute antolatzaileek. Belaunaldi berri bat “indartsu” sartu da zesta-puntan, eta atzetik gehiago datoz.
Iazko legez, zortzi bikotek bi multzotan banatuta jokatuko dituzte aurrez aurrekoak; bikote bakoitza kolore batekin identifikatuko da txapelketa osoan. A multzoan ariko dira Iñaki Osa Goikoetxea-Unai Lekerika, Erik Mendizabal-David Minvielle, Alex Goitia-Thibault Basque eta Jean Dominique Olharan-Julen Del Rio, eta, B multzoan jokatuko dute Johan Sorozabal-Imanol Lopezek, Aritz Erkiaga-Ion Ibarluzeak, Ludovic Laduche-Gorka Sorozabalek eta Pro Am lehiaketatik sailkatzen den bikoteak. Guztira, hamasei jardunaldi jokatuko dira; lehenengo hamabiak ligaxkako partidei dagozkienak izango dira, eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira. Urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean lehiatuko dituzte finalerdiak, kanporaketa erara, eta horietatik aterako dira bikote finalistak. Otsailaren 12an, berriz, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua izango da.
Denek ala denek finalean egon gura dute, baina txapelketa berezia izango da Goikoetxearentzat. Zumaiarrak Jai Alaiko eszenatokian esango dio agur zesta-puntari, eta Lekerika izango du lagun: “Nire azken txapelketa izanda gozatu gura dut, emaitza onak atera gura ditut, baina gozatzea eta ibilbide profesionala pozik amaitzea izango da lehentasuna”.
Elkar ondo ulertzen dute, bakoitzak badaki zein den bere rola kantxan, baina ez dute euren burua faborito gisa ikusten: “Unaigaz oso ondo moldatzen naiz. Bera hasi zenean ni bertan egon nintzen, eta bere progresio guztia ikusi dut. Niretzako polita izango da gernikar batekin bikotea osatzea eta Gernikan erretiratzea”.
Lekerikarentzako ere “ohorea” da Goikoetxeagaz bikotea osatzea. “Hasi nintzenean beragaz jokatu nituen Gernikako txapelketa nagusienak, Gernikako Grand Slama kasu, eta emaitza oso onak lortu genituen. Beragaz zikloa amaitzea oso polita da”, aitortu du atzelari gernikarrak. Lana ondo egin beharko du atzean Lekerikak, “tantoa menderatu” eta Goikoetxeak errebotatu beharko du: “Iñakik dena dauka ona: errebote ona dauka, errematea ere bai. Tantoa ondo menderatuz gero, emaitza onak lor ditzakegu”.
Lehia parekatua.
Txapelketa “parekatua” izango dela adierazi du atzelariak, eta “edonork irabaz” dezakeela dio. Hala ere, Johanek eta Lopezek eta Erkiagak eta Ibarluzeak osatutako bikoteak faborito modura ikusten ditu. “Johan eta Lopez oso maila onean daude, eta Erkiaga eta Ibarluzea ere ondo moldatzen dira. Gainera, Ibarluzeak daukan errebesa egokia da Jai Alai moduko pilotalekurako”, dio Lekerikak.
Bestelako iritzia dauka, aldiz, ispastertarrak. Lehenengo Jai Alai League irabazita egingo dio aurre liga berriko lehen erronkari, eta ezustekoen txapelketa izango dela uste du: “Lehiaketa hasteko gogotsu dago jendea. Urteko txapelketa garrantzitsuena da, eta ezusteko asko egongo direla uste dut”.
Ibarluzeagaz lehiatuko du Erkiagak, eta elkarregaz “gustura” lehaitzen dutela dio: “Markina-Xemeingo Grand Slamean gustura aritu ginen. Egia da Ibarluzearentzako maila berria dela, eta aldaketa nabarituko duela, baina ondo lehiatuko dugu”.
Ez direla txapelketako faboritoak dio, eta horrek mesede egingo diela nabarmendu du. “Oso bikote onak daude, eta horrek lagun diezaguke. Johan-Lopezen bikotea da faborito argia, baina beste askok ezustekoak emango dituzte. Laduchek eta Basquek, esaterako, Goiko eta Lopez menderatu zituzten Durango, eta hemen ere edozer gerta daiteke”, azaldu du aurrelariak. Finalerdietara ailegatzea da euren erronka.
Dagoeneko hasi dira entrenatzen, eta txapelketak iraun duen bitartean “aktibo mantentzea” garrantzitsua izango dela uste du: “Badirudi Winter Series ez dela izango azaroan eta abenduan jokatuko dugun lehia bakarrak, beste txapelketa batzuk ere egon daitezkeelako, eta horrek ere aktibo mantenduko gaitu”.
Goitiak, berriz, lehen aldiz jokatuko du txapelketa titular modura, iaz ordezkoa izan eta gero. Markina-xemeindarrak “oso pozik” hartu du erronka, eta lasai dagoela adierazi du: “Ordezko modura jokatu nuen iaz, eta oso urduri egon nintzen. Oraingorako, baina, lasai nago”.
Basquegaz lehiatuko du aurten, eta “ondo” joka dezaketela dio: “Horrelako txapelketetan helbruua beti izaten da lan ona egitea. Momentu honetan, egungo txapelketa garrantzitsuena da Winter Series, eta finalerdietara sailkatzea izango da helburu nagusia”.
Pro Am txapelketa.
Zumaiako Pro Am lehiaketak berebiziko garrantzia izango du aurtengo Winter Series txapelketan, Zumaiako irabazleak zuzenean lortuko duelako Gernikan jokatzeko aukera. Zortzi pilotari daude onenen artean sartzeko lehian, tartean Arbe eta Salegi markina-xemeindarrak, Manzi mutrikuarra eta Urko Lekerika gernika-lumotarra.
Bihar lehiatuko dituzte finalerdiak, eta eskualdeotako pilotariak aurrez aurre ariko dira lehenengo partiduan. Arbek eta Manzik Urko Lekerika eta Salegiren aurka jokatuko dute. Bestalde, Cosme eta Bailo bikoteak Gonzalo eta Uranga izango dituzte aurrez aurre bigarren partiduan.
Irabazleek astelehenean [urriak 23] lehiatuko dute finala.
Bikote onenak 1.000 zale baino gehiagoren aurrean lehiatuko du Winter Seriesa. Izan ere, Euskal Herri osoko 1.000 zalek baino gehiagok bazkide izatea erabaki dute, lehiaketa nork jokatuko duen jakin aurretik. “Winter Series gizarte fenomeno bat da dagoeneko. Jardunaldiz jardunaldi milaka pertsonek jarraituko dute, bai pilotalekuan, bai telebistaz (EiTB 1en), bai modu digitalean. “Hiruagrren edizioa da, eta esan beharra dago lehenengo ediziotik sekulako aurrerapausoak eman ditugula”, adierazi du Lekerikak. Lehia hasi aurretik 1.000 sarrera salduta egotea “oso pozgarria” dela puntistak.
Ligaxkaren egutegia:
- 1. jardunaldia: urriak 30. Goikoetxea-Lekerika vs. Erik-Minvielle
- 2. jardunaldia: azaroak 6. Erkiaga-Ibarluzea vs. Johan-Lopez
- 3. jardunaldia: azaroak 13. Goitia-Basque vs. Erik-Minvielle
- 4. jardunaldia: azaroak 20. Laduche-Gorka vs. Pro-Am
- 5. jardunaldia: azaroak 27. Olharan-Del Rio vs. Goikoetxea-Lekerika
- 6. jardunaldia: abenduak 4. Erkiaga-Ibarluzea vs. Laduche-Gorka
- 7. jardunaldia: abenduak 11. Olharan-Del Rio vs. Goitia-Basque
- 8. jardunaldia: abenduak 18. Johan-Lopez vs. Pro-Am
- 9. jardunaldia: abenduak 31. Goikoetxea-Lekerika vs. Goitia-Basque
- 10. jardunaldia: urtarrilak 8. Johan-Lopez vs. Laduche-Gorka
- 11. jardunaldia: urtarrilak 15. Olharan-Del Rio vs. Erik-Minvielle
- 12. jardunaldia: urtarrilak 22. Erkiaga-Ibarluzea vs. Pro-Am