Europarako saltoa eman du Sustabiz Fundazioak
Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Elkarteko parte da Sustabiz Fundazioa. Fundazioko ordezkariek azaldu dutenez, "berri ona" da maila horretako erakunde bateko kidea izatea, eta, ondorioz, Europa mailako beste elkarte batzuekin harremanetan egotea.
Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Elkarteko (AEJeST) kide izatera pasatu da Sustabiz Fundazioa. Europa mailako joko eta kirol tradizionalen organo gorena da elkartea, eta Europako 17 herrialdetako 99 kidek osatzen dute, federazio, fundazio eta elkarteak barne hartuta. Fundazioko kideek azaldu dutenez, urriaren 14an eta 15ean Santarem (Portugal) ospatutako batzar orokorrean “batasun osoz” erabaki zuten Sustabiz Fundazioa elkarteko 93. kidea izatea.
Fundazioko ordezkariek azaldu dutenez, “berri ona” da maila horretako erakunde bateko kidea izatea, eta, ondorioz, Europa mailako beste elkarte batzuekin harremanetan egotea. “Elkarteak formakuntza programak, ikerkuntza taldeak, edota Erasmus + proiektuak ditu martxan, eta maila horretan elkarlanean aritzeak esperientzia, ikaskuntza prozesu eta beste maila bateko harremanak eskainiko dizkio fundazioari”, adierazi dute Sustabizeko ordezkariek.
Hala, eskertuta agertu dira Sustabizekoak, eta eskerrak eman dizkiete AEJeSTko zuzendaritzari, baita Pere Lavega lehendakariari eta Jose Angel Hoyos idazlariari ere: “Eskerrik asko hasiera batetik jarritako erraztasun guztiengatik eta Federacao Portuguesa de Jogos Tradicionaiseri euren antolakuntza eta harrera onagatik”.