‘Eskolak babesten ditugu’ proiektua abian da
Joseba Deuna kalea motordun trafikoarentzat zarratu dute, eskola inguruan segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.
Mundakako Udalak abian ipini du Eskolak Babesten Ditugu egitasmoa. Proiektu horren helburua, udaletik azaldu dutenaren arabera, eskolaren ingurunea eraldatzea da, denetarik neurriak hartuz. Haurren segurtasuna bermatzea eta, horrez gain, euren ongizatea “erdigunean jartzea” bilatuko dute ekimen horregaz. Eskola “bizitzaz beteriko eremua” dela argitu du udalak eta egunero-egunero bertara “jende pila bat” hurreratzen dela: “Izan ikasleak, irakasleak edota gurasoak”. Horiei guztiei “ingurune seguruak eta osasungarriak” bermatu behar zaizkiela azaldu dute.
Helburu horiek tarteko, Joseba Deuna kalea motordun trafikoarentzat zarratuta egongo da egunotan; aurrerantzean, gainera, neurri hori aplikatuko dute bai Florentino Larrinaga kalean, bai Kepa Deuna kalean. Kale horiek oinezkoentzako mugatzeaz gain, udalak eskoletarako sarbideak hobetzeko neurriak ere hartuko ditu. Kutsaduraren aurkako beharrei dagokienez, “egonlekuak eta berdelekuak” handituko dituztela aurreratu dute, hiri altzari berriak gehituz; besteren artean, bankuak edota lorategiak eraberrituko dituzte.