Unionistas de Salamanca CF, Gernika SDren Errege Kopako lehen aurkaria
Gernika-lumotarrek urri amaieran edo azaro hasieran jokatuko dute, etxean, Errege Kopako lehenengo kanporaketa, partidu bakarrera.
Unionistas de Salamanca CF taldea izango da Gernika SD futbol taldeak 2023/2024 Errege Kopan aurrez aurre edukiko duen lehendabiziko arerioa. Gaur [urriak 17] egin dute lehiaketako lehendabiziko kanporaketako zozketa, eta Gaztela eta Leongo taldea suertatu zaio Gernika-Lumokoari, lehen partidurako. Urriaren 31n, azaroaren 1ean edo 2an jokatuko dute, Urbietan, partidu bakarreko kanporaketa.
Unionistas Lehenengo Federazio mailako taldea da, eta duela zenbait denboraldi Gernika SDn jokalari aritutako Ekaitz Jimenez du egungo lantaldean. Koldo Berasaluze Ibarzabal kapitainak adierazi duenez, “aurkari gogorra” izango da: “Duela zenbait urte, euren kontra jokatu nuen, eta arerio latza iruditu zitzaidan; ordutik, baina, denbora asko pasatu da eta, horrenbestez, ezjakintasunez hartuko dugu partidua”.
Lehen kanporaketa gaindituz gero, Lehen Mailako talde baten kontra jokatzea egokituko litzaieke gernika-lumotarrei
Salamanca taldea izandakotik ateratako talde bietako bat (Unión Deportiva Salamancagaz batera) da Unionistas. Bazkidez osatuta dago eta, hain zuzen ere, bazkideen artean kudeatzen dute kluba. “Talde herrikoia eta borrokalaria da”. Lehenengo kanporaketa gaindituz gero, iazko legez, Lehen Mailako talde baten kontra jokatzea egokituko litzaieke gernika-lumotarrei.