"Herri bat desagerrarazteko urteetako garbiketa etnikoa egiten dago Israelgo estatua"
Palestinari babesa eta elkartasuna adierazteko batu ziren atzo Gernika-Lumon. Azken egunetan Gazan gertatzen ari dena Nakbaren pareko egoera dela adierazi zuten. Salatu zuten herri bat desagerrarazten ari dela Israelgo estatua.
Palestinari elkartasuna adierazteko batu ziren atzo Gernika-Lumon, eta Merkurion batutako 250 lagun inguruk salatu zuten, 1948az geroztik, indar sionistek palestinarrak jazarri dituztela, “Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko” asmoagaz.
“Orain dela 75 urte, ia 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuak ian ziren haien bizileku eta lurretatik, 400 edo 600 herri inguru suntsituz. Bide guztiak baliatu zituen sionismoak helburua betetzeko:konfiskazioak, herrien izen aldaketak, bertako ekosistema aldatzeko lanketak…”, salatu du Gernika Memoriaren Lekukok. Diotenez, ordutik, “politika anexionistari” eutsi diote modu ezberdinetan, “Palestinako herria bake eta konponbide ezera kondenatuz”.
Hala, azken egunetan Gazan gertatzen ari dena Nakbaren pareko egoera dela adierazi zuten atzo: “2 milioi eta erdiko biztanleria duen zonaldea desplazatu, setiatu, erbesteratu eta etengabeko bonbardaketa eta erasoen bidez desagerrarazi nahi du Israelgo estatuak”.
Hain zuzen ere, salatu zuten herri bat desagerrarazten ari dela Israel: “Gaza bonbaz jostea, 16 urtez aire kartzela bihurtzea, Jerusalemen tirokatzea, Zisjordaniako Hebron hiriaren erdian palestinarrak egunero metrailaz apuntatzea eta umiliatzeko helburu bakarrarekin check-point amaigabeak jartzea, palestinarren baratzeak izorratu eta olibondoak moztea, haurrak ikaratzea, kolonoek lurrak eta ondasunak okupatzea eta lapurtzea, odol isuria edonola justifikatzea… Herri bat desagerrarazteko urteetako garbiketa etnikoa egiten dago Israelgo estatua. Zelan deitu bestela urte honetan urrira bitartean ia 300 palestinar erail izana?”.
Hori horrela, azken egunetako gertaerek aurrekari “zailak” dituztela adierazi zuten. “Hamasek egindakoari erantzuna emateko asmoz, Israelek ekintza militarrak abiarazi ditu, eta giza hondamendia sortzen ari dira. Ia 2.500 hildako –horietatik 700dik gora haurrak–, 10.000tik gora zauritu eta milaka desplazatu dira jada Gazan”, azpimarratu zuten Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek.
Hain zuzen ere, salatu zuten elikagaiak, ura, gasa eta argi indarrak etetea, ospitaleak funtzionatzea galaraztea, errefuxiatu zelaiak bonbardatzea edota exiliatuak bidean erailtzea giza eskubideen “erabateko urraketa” direla: “Ekintza gizagabe horiek herritar xeheek ordaintzen dituzte, eta genozidio baterantz kokatzen ditu”.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideei “lotsagarriak” iruditzen zaizkie Europako agintari ugarik aurkeztu dituzten jokabideak: “Kale protestak kolpatzea, eta atxiloketak eta Palestinako banderak debekatzea larria bada ere, are gehiago da Europar Batasuneko agitariek azken egun hauetan aurkezturiko posizioa: Ursula Von der Leyenen bisita ikustea baino ez dago Israelgo interesak –eta bide batez Europako elite ekonomiko eta armamentistikoenak ere– defendatzera baino ez dela joan ikusteko, Palestinarekiko inongo begirunerik izan barik”.
Israel hurkoa bonbaz eta tiroz hiltzen, haurrei etorkizuna kentzen, herriari baliabideak lapurtzen, egia zentsuratzen eta herriari sustraiak mozten ari da, “2.000 urteko sustraiak mozten, 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten modura”.
Hala, hamarkadetako gatazka luzeagaz amaitzeko okupazioa eta apartheida amaitu behar direla adierazi zuten atzo: “Gatazkaren soluzioa okupazioa eta apartheida amaitzetik hasita, Palestinak bere estatu propioa eraikitzeko eskubidetik pasatzen da, halabeharrez. Palestina, gernikarrok sentitzen dugu zure mina. Eta, beste behin ere, zure ondoan gaude”.