Palestinari elkartasuna adierazi diote Gautegiz Arteagan
Artiako Gazte Asanbladiek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxe aurreko eskaileretan: "75 urtez okupazioaren mepe eta etengabeko errepresioan egon ostean, Palestinako herriak suntsitua izan aurretik altxatzea erabaki du".
Palestinari elkartasuna adierazten ari dira egunotan han eta hemen, eta atzo [urriak 13] Gautegiz Arteagan batu ziren horretarako. Artiako Gazte Asanbladiek deituta, elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurreko eskaileretan: “75 urtez okupazioaren mepe eta etengabeko errepresioan egon ostean, Palestinako herriak suntsitua izan aurretik altxatzea erabaki du”.
Jakinarazi zuten Israelgo estatuak “kolonizatuta eta zapalduta” duela Palestinar herria, “euren lurrak okupatzen eta oinarrizko premiak kentzen dizkietelako”. Hala, sionismoak egin gura duen “genozidioa salatzeko” batu ziren atzo.
Hain zuzen ere, elkarretaratzean bildutakoek azpimarratu zuten Palestinar herria izan dela Israelen aurka altxatu dena, “eta ez bakarrik talde terrorista bat”. “Altxatu dena ez da Hamas, fronte bateratu bat da, eta Hamas fronte bateratu horretan dago; egia da Hamas indar nagusia dela Gazan, baina eurekaz batera beste talde batzuk batu dira, talde islamikoa, Frente Democratico de Liberacion Palestina eta Al-Fatah, esaterako”, adierazi zuten. Izan ere, gogoratu zuten azken urtean hiru palestinar hil direla eguneko: “Egoera horien aurrean Palestinar herriak altxatzea erabaki du, estatu sionistari aurre egitea erabaki du, eta uste dugu guztiz zilegizkoa dela euren erresistentzia, bestela desagertuak izango direlako. Egoera oso latza da mundu mailan eta oso latza dela palestinarrentzat”.
Gogorarazi zuten Gazan bi milioi eta 300 mila biztanle bizi direla, eta horien artetik milioi bat direla umeak. “Hori da testuingurua. Informazio gutxi dago, baina gertatzen ari dena izugarrizko genozidioa da”.
Gazte asanbladakoek sinadurak batzea aurreikusi dute, “udaletxean Ukrainiako bandera dagoen moduan Palestinakoa ere jartzeko”.