Gababus zerbitzua egongo da Astelehentxutxun eta Urriko Azken Astelehenean
Gernika-Lumoko autobus geltokitik aterako dira autobusak, 02:00etan eta 05:00etan Astelehentxutxu egunean, eta 00:00etan eta 03:00etan Urriko Azken Astelehenean. Interesatuek barikura [urriak 20] arteko epea dute tiketak erosi ahal izateko.
Gernikako Andra Mari eta San Roke jaietan egin legez, Gababus zerbitzua jarriko dute Astelehentxutxun eta Urriko Lehen Astelehenean. “Gernikako jaietakoa proba pilotua izan zen, eta balorazio batzarrean zerbitzuaren balorazio oso ona egin genuen; izan ere, 300 pertsonatik gorak parte hartu zuten abuztuan”. Udako zerbitzuaz gain, udatik kanpo beste zenbait proba pilotu bat egitea ere erabaki zuten. “Ondorioz, urriko bi jai egun nagusi horietan ere zerbitzua eskaintzea erabaki dugu”, adierazi dute zerbitzua kudeatzen duten Urremendiko arduradunek. Hala ere, aurtengo zerbitzu guztiak proba pilotuak izango direla gehitu dute.
Oraingoan ere, trena heltzen ez den herrietarako eta parte hartu gura duten udalerrietarako zerbitzua eskainiko dute; hala, Ajangizera, Errigoitira, Eara, Elantxobera, Ereñora, Gautegiz Arteagara, Kortezubira, Mendatara, Morgara, Nabarnizera eta Muxikara joateko aukera eskainiko dute. Udalerri horietako gehienek Gernikako jaietarako zerbitzua eskatu zuten, baina badaude oraingoan gehitu diren beste lau: Nabarniz, Morga, Errigoiti eta Elantxobe. Sukarrieta zerrendatik kendu da: “Uda sasoian herriko biztanleria asko gehitzen da, eta parte hartzea erabaki zuen, baina oraingoan zerrendatik kendu da”.
Horiek horrela, Gernika-Lumoko autobus geltokitik aterako dira autobusak, 02:00etan eta 05:00etan Astelehentxutxu egunean, eta 00:00etan eta 03:00etan Urriko Azken Astelehenean.
Interesatuek barikura [urriak 20] arteko epea dute tiketak erosi ahal izateko; 5 eurotan, bakoitzak bere udaletxean lor ditzake.
Proiektu pilotua. Busturialdeko udalen ekimenez jarri dute martxan Gababus zerbitzua eskualdean, eta Urremendi ari da hori kudeatzen. “Uda aurretik udalek Gababus zerbitzua jartzeko eskaria egin zuten, eta aurten proba pilotuak egitea erabaki dugu”, jakinarazi dute.
Gababus zerbitzuaren beharrizana zegoela ikustita eta inguruko eskualdeetan gaueko autobus zerbitzuak “ondo funtzionatzen” zuela ondorioztatuta hasi ziren zerbitzua eskaintzeko proba pilotuak egiten: “Bai Arratian bai Lea-Artibain zerbitzua eskaintzen dute, eta ondo funtzionatzen duela badakigu. Hala, probatzea erabaki dugu”.
Zerbitzuagaz, eskualdeko herri txikietako biztanleei eskualdeko herri handietara joateko aukera eskaintzeaz gain, herri txikietako jaiak ere sustatu gura dituzte: “Alde biko zerbitzua da: herri txikietako biztanleei herri handietako jaietara joateko aukera eskaintzeaz gain, herri txikietako jaietara jende gehiago hurbiltzea bultzatu gura du”.
Aurtengo proba pilotuak “ondo” baloratuz gero, datorren urtean zerbitzu osotu bat zelan eskaini aztertu beharko dutela diote arduradunek: “Gernikako jaietakoa ikusita, guztiz positiboa da erantzuna. Orain, urte amaierara bitartean egingo diren zerbitzuek ondo funtzionatzen duten edo ez aztertu beharko dugu”.