EH Bilduk etxebizitza turistikoekiko "kezka" plazaratu du
Mundakako EH Bilduk etxebizitza turistikoen hazkundea "mugatu eta arautu" beharra azpimarratu du.
Etxebizitza turistikoen gaiak denetariko alderdiak ukitzen ditu: etxebizitza, hirigintza, gizartea, turismoaren gorakada… eskualdeko hainbat udalerritan errealitate bihurtu den gaia da, eta zenbait udalek euren ardura adierazi dute, besteren artean, turistentzako jomuga diren horietan; Mundaka azken horietako bat da, egun. Etxebizitza horien hazkundea eta zabalkundea dela eta, Mundakako EH Bilduk langai horrekiko “kezka” plazaratu du. Koalizio abertzaleko udal ordezkariek aditzera eman dutenaren arabera, etxebizitza turistikoak etxebizitzaren arazoaren “adibiderik argiena” dira.
Abertzaleek azaldu dute apartamentu mota horien “neurrigabeko hazkundeak” eragin zuzena daukala mundakarren “eta, batez ere, gazteen” eguneroko bizimoduan: “Etxebizitzen salneurriak izugarri igo dira, eta etxeak alokatu ahal izateko eskaintza ia-ia desagertu egin da. Joera horrek turismo eredu masifikatu bati erantzuten dio”. Argitu dutenez, turismoa “herritarren jarduera bat gehiago” izan beharko litzateke, baina ez, ostera, bakarra, “azken urteetan sustatu eta bultzatu den legez”.
Arazo horren aurrean, erantzun integral baten beharrizana azpimarratu dute udal ordezkariek. Batetik, tasak nahiz zergak egokituko dituen erantzun fiskala proposatu dute, turismoak herriko ekonomiari “ekarpenak” egiteko. Beste alde batetik, alokairuzko etxebizitzen eskaintza handiagotzeko planak abian ipini beharra nabarmendu dute: “Bizirik dagoen herria gura dugu, eta ez bakarrik kanpotik datozen bisitarien beharrizanei erantzuna ematen diena”. Horrez gain, hirigintzaren alorrean “aldaketak” egin behar direla adierazi dute abertzaleek, hau da, plan urbanistikoa moldatu behar dela. Erantzun integral horrek, azaldu dutenez, kanpoko bisitaria “kontuan eduki beharko du”, baina azken urteetan emandako “gentrifikazio egoerak” direla eta, bermatu beharko du mundakarrek euren herritik alde egin behar ez izatea.