Kantabriara joango dira nabarniztarrak
Irteerarako izen ematea zabalik dago, astelehenera [urriak 16] arte.
Kantabriara joango dira nabarniztarrak urriaren 21ean [zapatua], eta La Cavada Museoa ezagutuko dute; iaz Azpeitia ezagutu zuten 89 herritarrek. Hilaren 21eko irteeran parte hartzeko, baina, aurretiaz izena eman behar da, eta hori egiteko azken eguna da astelehena [urriak 16]; ordainketa Nabarnizko udaletxean egin beharko dute interesatuek.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, 08:30ean aterako dira Nabarnizko udaletxe ondotik, eta 8:45ean Oleskon geldituko dira, han ere jendea batzeko. Gero, 10:50etik 12:25era bitartean bisitatuko dute La Cavada Museoa. Azaldu dutenez, 1622tik 1834ra kalibre handiko burdinezko kanoien zati handi bat fabrika horretan urtu zen, “herrialde askotako gotorlekuak eta itsas gerra ontziak hornituz”.
Bisitaren ostean, ordu eta erdiko denbora librea izango dute parte hartzaileek, eta 14:30ean Hoznayo herriko Adelma jatetxean bazkalduko dute. Lierganesera joango dira arratsaldea pasatzera, eta 18:45ean jarri dute itzulerako ordua.