Inoiz baino gaztaina gehiago batu dituzte Gaztañerre Egunean
Gaztañerre Egunean elkartu dira Gautegiz Arteagako haur, gazte zein nagusiak, eta inoiz baino gaztaina gehiago batu dituzte: 41,600 kilo gaztaina.
Tradizioari hutsik egin barik, urriaren 12an ospatu ohi duten Gaztañerre Egunean elkartu dira Gautegiz Arteagako haur, gazte zein nagusiak. Beste behin, Montorrealde Guraso Elkartearen deiari “bikain” erantzun diote herritarrek, eta gaztainak batzen aritu dira goizetik Atxarre inguruetan. “Jende asko batu gara, eta pozgarria da tradizioagaz jarraitzea”.
Bertan, inoiz baino gaztaina gehiago batu dituzte, izan ere, 41,600 kilo gaztaina biltzea lortu dute: “Eguraldia lagun izan dugu, eta gaztaina asko batu ditugu. Inoiz baino gehiago batu ditugun arren, gaztaina asko utzi ditugu batu barik”.
Herrigunera bueltatuta, ez diote ohitura bilakatutako gaztaina bilketaren apustuari hutsik egin; 50 pertsonak parte hartu dute batutako gaztaina kopurua asmatzeko lehian, eta June izan da kopurura gehien hurbildu dena.
Gaztaien kopuruari buruzko apustua egin ostean, horiek jateko unea iritsi zaie gautegiz arteagarrei. Baina aurretiaz prestatu egin behar dira, eta kasu honetan, aintzinako erara egiteko hautua hartu dute artegarrek: tanbolinean erre dituzte. Aurten, gainera, txistorra eta hirugiarra jateko aukera ere eduki dute.
Arratsaldeko plana berreskuratu dute aurten, eta umeentzako jolasak zein txokolate jana izango dituzte aukeran plazan, musikak girotuta.