EAJ: "Guztiontzako Herriak hautsitzat ematen du akordioa"
EAJk dio Jose Mari Gorroñok "hautsitzat" eman duela euren arteko akordioa. Gorroño legez aukeratutako alkatea dela diote, baina "ez duela herritarren babes nahikorik" adierazi dute.
Gernika-Lumoko EAJk eta Bizkai Buru Batzarrak ohar bidez jakinarazi dute ekainaren 17an Jose Mari Gorroño alkate izendatzea ahalbidetu zuen akordioa hautsita dagoela: “Guztiontzako Herria (GH) taldeak akordioa nabarmen bete ez izanak EAJrekin zuen harremana haustea eragin du. Hori dela eta, alderdi jeltzalearen ustetan, Guztiontzako Herriak hautsitzat ematen du akordioa”.
Gorroño legez aukeratutako alkatea da, “beharrezko botoak lortu zituelako karguari eusteko –bere alderdiko sei eta EAJren beste bost–, baina, alderdi jeltzaleak dio euren babesik barik “ez duela herritarren babes nahikorik“. “Euskaldun batentzat, emandako hitza idatzizko edozein akordio bezain garrantzitsua da, eta gaur egun, Gorroñoren hitzak ez du ezer balio”, adierazi dute.
EAJk dio urriaren 4an Guztiontzako Herriak bere konpromisoa “ez betetzeko borondatea bi eszenaratzetan” agertu zuela: “Goizean, prentsaurrekoan, hauteskunde zerrendan beragaz egon zirenek Jose Mari Gorroñori egindako erregua antzeztu zuten, betetzen duen lanpostuan jarrai zezan eskatuz, eta bere hitza galduz. Arratsaldean, berriz, osoko bilkuran, azken honek karguari oratuta jarraitzeko bere asmoa ofizialdu zuen”.
Alderdi jeltzalekoek diote Guztiontzako Herriak argudio modura erabili zuela EAJk Iñaki Gorroño ez duela onartzen esatea, baina hori “guztiz faltsua” dela azpimarratu dute: “EAJk hasieratik adierazi zuen Guztiontzako Herriari zegokiola Jose Mari Gorroñoren ordezkoa aukeratzea, osteko ezohiko osoko bilkura batean EAJren babesagaz aukeratutakoa berretsia izateko”. Egoera horrek udal hauteskundeen emaitzetan oinarritutako gobernu akordio bat lortzeko aukera zekarrela diote jeltzaleek, “Gernika-Lumok errealitate bihurtu behar dituen proiektu estrategikoak aurrera eroateko”.