Gaztainak batzeko eta erretzeko hitzordua
Gaztañerre Eguna ospatuko dute eguenean [urriak 12], Gautegiz Arteagan.
Beste urte batez, Gaztañerre Eguna ospatzeko gogotsu daude Gautegiz Arteagako bizilagunak. Urteak daramatzate urriaren 12an bestelako proposamen horren aitzakian elkartzen, eta eguenean 10:30ean herriko plazan batuko dira oinez Atxarrera gaztainak batzen joateko.
Mendi-ibilaldiaren ostean, plazara bueltatuko dira, antzinako eran gaztainak danbolinean erretzeko. Bueltarako ordua ez daukate zehaztuta; izan ere, bidean topatzen dituzten gaztaina-kopuruaren arabera, goizago edo beranduago itzultzen dira. Hala, 13:00-13:30 inguruan plazara bueltatzea aurreikusi dute: “Batutako gaztaina guztiak batera ipintzen ditugu plazan, eta apustua egiten dugu, zenbat batu ditugun asmatu behar izaten da. Gaztainak doan jateko aukera egoten da, eta pintxoak ere saltzen ditugu”.
Aurten arratsaldeko plana ere berreskuratu dute; umeentzako jolasak eta txokolatada izango dituzte plazan, musikagaz girotuta: “Eguerdikoa urtero horrela egin izan dugu, eta, aurten, arratsaldeko gauzak ere berreskuratu ditugu”. Eguerdian berandutu egiten zaienez, oraindik ez dute arratsalderako ordua ipini, baina 17:00-17:30ak aldera umeen jolasekin hasiko direla uste dute. Eta eguna borobiltzeko txokolatada izango da.
Herrian errotuta dagoen eguna da Gaztañerre Eguna. Antoliñape Kultur Elkartea hasi zen antolatzen, orain dela 15 bat urte, gero, Antoliñape Kultur Elkarteak eta Montorrealde Guraso Elkarteak elkarlanean antolatzen zuten, eta gaur egun, guraso elkarteak dauka antolatzearen ardura.