Errigoitiko Udalak berdintasuna lantzeko programa prestatu du
Iaz I. Berdintasun Plana onartu zuten, datozen lau urteetarako, eta planaren barruan, Errigoitin bardintasuna landuz programa osatu dute, “askotariko jarduerekin”.
Udalerriko emakumeen arteko “sarea osatu”, eta “elkartzeko eta hausnartzeko” topagunea izatea gura dute. “Urriaren 3an Kultur Aretoan inauguratu zen programa, eta horren helburua da emakumeekaz eta matxismoagaz lotutako gaiei buruz berba egiteko eta hausnartzeko topagunea izatea, bai eta Errigoitiko emakumeen arteko sarea egitea ere”, azaldu dute.
Aurreko astean izan zuten lehenengo hitzordua; Sare sozialen arriskuak genero-ikuspegitik hitzaldia eskaini zuten eguenean [urriak 5]. “Errigoitiko bizilagunek ez ezik, interesa duen edonork parte har dezake jardueretan”.
Bestalde, urritik azarora bitartean Autozaintza emozionalari buruzko ikastaroa emango dute, martitzenetan, 18:00etatik 20:00etara (urriaren 3an, 10ean, 17an, 24an, 31n eta azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an). Era berean, azaroaren 8an, 15ean eta 22an Zoru-pelbikoa indartzeko ikastaroa eskainiko dute, 18:00etatik 20:00etara. Eta parte hartzeko interesa daukatenek aldez aurretik izena eman beharko dute udaletxera deituta: 94-625 41 90.
Zineforumak eta solasaldiak. Ikastaroez gain, zineforumak ere antolatu dituzte. Indarkeria matxistei buruzko zineforuma azaroaren 29an izango da, 18:00etan, eta, abenduaren 13an, ostera, LGTBIQ+ mugimenduari buruzkoa (ordu berean). “Hitzaldiekin amaituko ditugu saioak”.