"Denona eta denontzako izango den zaintza eskubide kolektiboaren alde"
Herri hitzarmen baten alde kalera aterako dira feministak azaroaren 30ean, "denona eta denontzat izango den zaintza eskubide kolektiboaren alde". Busturialdeko mugimendu feministetako kideek grebara deitzeko elkarretaratzea egin zuten zapatuan Gernikan, eta herritarrei grebagaz bat egiteko eskatu zieten.
Zaintza lanak “pareten artean izkutuan” egotetik, greba orokor baterako arrazoia izatera pasatu dira, eta hori borroka feministaren lorpena da. Hala, euskal zaintza sistema publiko eta komunitario hori gauzatu ahal izateko, herri hitzarmen baten alde kalera aterako dira feministak azaroaren 30ean: denona eta denontzat izango den zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba egingo dute. “Grebara goaz, zaintza eskubide kolektiboaren alde”. Busturialdeko hainbat mugimendu feministetako kideek grebara deitzeko elkarretaratzea egin zuten zapatuan [urriak 7] Gernika-Lumon, eta herritarrei grebagaz bat egiteko eskatu zieten.
“Denok izan gara eta izango gara zainduak, eta inguruan zaintza behar duten edo beharko duten pertsonak ditugu. Lan hori, ordea, hein handi batean, emakumeon kargu dago: doakoa da familia barruan (maitasun edo arduragatik) eta baldintza prekarioetan egiten da sektore feminizatuetan”, adierazi zuten sare feministako kideek, eta esan zuten azken horren ereduetako bat dela Kaltzada Egoitza. Horregatik, langile eta egoiliarrekiko elkartasuna adierazteaz gain, zaintzaren ardura hartu behar duten erakunde publikoak itaundu zituzten: “Baliabideak behar dira eta eredua aldatu beharra dago”.
“Guk eskatzen duguna da nagusien egoitzen kudeaketa publikoa izatea eta enpresak horietatik kanpo gelditzea; hau da, uste dugu zaintza lanekin ezin dela negozioa egin. Bereziki salatu nahi dugu Kaltzada Egoitzaren egoera, izan ere, nahiz eta udalak egoitza erregulatzeko eta zerbitzu hori eskaintzeko eskumena izan, ereduki publiko-pribatua izaten jarraitzen du, eta eredu horrek negozioa lehenesten du. Guzti horrek langileen bizi baldintzak kaltetzen ditu, baita egoiliarren bizi kalitatea ere”, azaldu dute sare feministakoek.
Diotenez, egungo sistemak “ez du bermatzen” bizitza duinik: “Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka eta zaintza lanetan baldintza prekarioetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exigitzera gatoz”. Izan ere, zaintza lana “bizitza sostengatzeko ezinbestekoa” dela diote: “Bizitzaren etapa guztietan behar ditugu zaintzak, interdependenteak garelako, eta ondorioz, zaintza barik ez dagoelako bizitzarik. Zaintza lan horiek publifikatu egin behar dira, aitortu egin behar dira. Behar horiei aurre egin behar diegu, modu komunitario batean”.
Guzti horri buruzko “hausnarketa sakon” bat egin ostean, mugimendu feministak “erabateko determinazioa” dauka sistema horri buelta emateko.
Herri Akordioa.
Pandemia garaian aktibatu zen greba orokorraren prozesua. 2022ko otsailean Gasteizen elkartu ziren hainbat feminista euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa ezaugarritzen hasteko, eta, oraingo zaintza sistema eraldatzeko. “Pandemian ikusi zen zaintza lanek zer nolako garrantzia duten, eta geldiezinak direla nahiz eta urgentziazko egoera batean bizi. Horren ondorioz, koordinadora bat eratu zen mugimendu feministan, eta lan erreproduktiboari begirako hausnarketa egin zen, sektorez sektore, zaintzen egoeren errealitatea alfonbra azpitik atera eta mahai gainean jartzeko. Aldaketak sustatzeko beharra ikusi genuen orduan”, azaldu dute mugimendu feministako kideek. Horrela sortu zen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren oinarria: “Grebak horri erantzuten dio, baina batez ere grebak erantzuten dio prozesu horren helburuari: Herri Akordioa lortzeari“.
Akordio horren bitartez, zaintza eskubide unibertsal bezala aitortzeko eskaera egin eta zaintza sistema publiko komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dute feministek: “Zaintzen sistema publiko bat behar dugu. Sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak guztion eskura egon behar dira, finantzaketa eta kalitatea bermatuz”. Gainera, zaintza lanak erantzukizun kolektibo gisa ulertu gura dituzte. “Zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatu gura dugu: premiei erantzunez, egun prekarioenen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre eginez; eta epe luzera begiratu gura dugu, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema sozial bat imajinatuz eta definituz”.
Aldarrikapenak.
Hala, zaintza sistema publikoa bermatzeko Herri Akordioan adostutako aldarrikapenak plazaratu dituzte: zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea; zaintza zerbitzuen pribatizazioagaz amaitzea; zaintza sistema publikoa indatzea eta garatzea; etxez etxeko zerbitzua indartzea eta garatzea; zaintza lanak transbersalki lantzea; familia nuklearretik at, zaintza baimenak zabaltzea eta handitzea.
Zaintzen duten langileentzako baldintza duinak eskatzeko eskaerak ere plazaratu dituzte: etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea; etxeko langileak lan erregimen orokorrean sartzea; zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea; etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea; eta zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.
Bizitza duinen alde, berriz, lan jarduna gutxitzea eskatu dute, zaintzeko denborak bermatzeko, “baina soldata murriztu barik”. Halaber, gizonak interpelatzea, etxebizitza eskubidea bermatzea, agroekologia babestea, pentsio duinak ezartzea eta atzerritartasun legea bertan behera utzea eskatu dute.
Eta horretan lanean jarraituko dute: “Grebarekin ez da ezer bukatzen. Bada data garrantzitsu bat, baina prozesuak aurrera jarraituko du, segiko dugu akordio horiek bilatzen eta instituzioei exijentziak egiten”.
Azaroaren 30eko greba feminista orokorra prestatzen ari dira Gernika-Lumoko Sare Feministako kideak, eta lehenengo asanblada feministaren ostean, Greba Batzordea sortzeko deia egin dute biharko; 18:00etan Astran jarri dute lehenengo greba komuitean batzeko hitzordua.
Greba Batzordean azaroaren 30eko grebaren aurreko lanketa egingo dute, eguna antolatzea izango dute helburu, eta herritar guztiak daude horretan parte hartzera deituak, emakumeak zein gizonezkoak. “Greba komitea mistoa izango da, eta greba aurrera ateratzeari begirako lana egingo dugu, mugimendu feministak finkatzen duena oinarri hartuta. Greba komitetik joango gara harremanak egiten, ekimenak, mobilizazioak, edota greba eguna bera prestatzen”, adierazi dute.
Hala ere, prozesu guztia mugimendu feministak aurrera eroango duela gehitu dute: “Asanblada feministetan batzen jarraituko dugu, eta horietan ikusiko dugu herriz herri ze beharrizan dauden eta zelan landu gura ditugun. Asanblada feministetan erabakiko dugu lehentasunak zeintzuk diren, eta funtzionatzeko zein eredu jarraituko dugun, espazio ahalik eta askeenak izateko”.