Puntuak poltsikora, baina "hobetzeko asko"
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 29-23ko markagailuagaz irabazi dio, Urbietan, Gesalaga Okelan Zarautzi.
Taldea osatuta, eta lehen emaitzak lortuta. Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak denboraldiko bigarren garaipen garrantzitsua poltsikoratu du Gesalaga Okelan Zarautzen kontra. Zapatuan [urriak 7] jokatu zuten Ohorezko B Mailako hirugarren jardunaldiko partidua, lehendabizikoa Urbietako zaleen aurrean. Esangura bereziko partidua izan zen, klubak, 50. urtemugaren aitzakiapean, talde denen aurkezpen ekitaldia egin baitzuen bezperan. Esanguraz gain, maila handiko aurkaria eduki zuten aurrez aurre. Zarauztarrak, izan ere, iazko ligako igoera faseko finalaurrekoetara ailegatu ziren. Aurten, gainera, garaipen olatuaren gailurrean aritu dira Urbietako partidua orduko, jokatutako guztia irabaziz.
Basurdeek lantalde osatu berriagaz, fitxaketak aurkeztuta, eta indarrez beteta hasi zuten partidua. Talde gipuzkoarraren kontaktuak eta presioa ahal bezainbeste menperatzea bilatu zuten behin eta berriro. Esan eta egin: indartsu aritu ziren etxeko zelaigunean, markagailuak nahiz partiduaren dinamikek uneoro berdintasuna islatu arren. Gorka Argul entrenatzaileak atzera egin zuen harrobiko jokalarien aldeko apustua, Bera Beraren kontrako hitzorduan bezalaxe, baina oraintsu fitxatutako zenbait jokalari ere zelairatu zituen. Ekuazioak fruitua eman zion, azken minutuetan “erlojuari begira” egon behar izan baziren ere. “Dinamikei dagokienez, ardura handiko taldea, oso serioa, eta zeharo lehiakorra ikusi nuen. Joko aldetik, baina, hobetu beharreko zenbait esparru ere detektatu genituen lantaldekook”, azaldu du.
Urriaren 21ean jokatuko dute liga erregularreko hurrengo partidua, Universitario Bilbao Rugbyren kontra, etxetik kanpo
29-23koagaz eta etxeko jarraitzaileen berotasunagaz amaitu zuten Urbietan, “hobetzeko askogaz baina guztiz pozarren”. Gernika-Lumon Euskal Jaia izan arren, ikusle pila bat hurreratu zen harmailetara, etxeko taldea hauspotzera. Babes hori, Argulen iritziz, “oinarri” izango da klubarentzat, “denboraldi honek ezkutatzen dituen helburu gaitzei heltze aldera”. Atsedenerako tarte barik, gernika-lumotarrek asteon lanari ekingo diote, asteburuan partidurik edukiko ez duten arren. Hain zuzen ere, urriaren 21ean edukiko dute hurrengo erronka, Universitario Bilbao Rugby taldearen kontra, etxetik kanpo.
Lehia latza ortzimugan. Argulek aurreratu duenez, “beste partidu zail eta lehiatu bat” espero dute basurdeek: “Universitario Bilbao Rugby ñabardura txikiak bikain jagoten dituen etxe horietakoa da. Besteren artean, urtero-urtero harrobiagaz behar handia egiten dute, taldea etxeko baina mailako jokalariz hornituz; gainera, beti asmatu ohi dute egiten dituzten fitxaketekin. Osagai horiekin, joko molde landua, bortitza eta teknikoa edukitzea lortzen dute, edozein talderentzat aurkari borrokalaria bihurtuz”.
“Taldeak aurten bilatu behar duen noranzkoa modu artezean irudikatu behar dugu egunez egun, eta hori entrenamendu saioetatik abiatuko da”
Aste honetan partidurik ez edukitzea, bestalde, “euren alde” baliatuko dutela adierazi du entrenatzaileak. Izan ere, taldera sartu berri diren fitxaketei, Zarautzen aurkakoan, oraindik “oso arrotza zitzaien inguruko dena”: “Batetik, ez zekiten taldeari zehatz-mehatz zelan jokatzea interesatzen zitzaion; bestetik, taldekideen ezaugarriak ez zituzten ganoraz ezagutzen”. Hori horrela, aste hau egindako esfortzuak berreskuratzeko eta taldelana sustatzeko erabiliko dute Gernika RTkoek. Hurrengo partiduko lehen jomuga garaipena dela argitu arren, Argulek bigarren mailako helburu batzuk ere baditu: “Taldeak aurten bilatu behar duen noranzkoa modu artezean irudikatu behar dugu egunez egun, eta hori entrenamendu saioetatik abiatuko da. Jokorako dinamikak oso zorrotz errotu behar ditugu, interesatzen zaiguna argi eta garbi eduki; datozen egunak gako izango dira horretarako”.