Hiru Hiriburuak txapelketaren finaletik kanpo gelditu da Olatz Arrizabalaga
Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek osatutako bikoteak 22-17 galdu du Leire Garai eta Irati Zabalaren aurkako finalaurrekoa. Buruz buruko txapelketa du buruan pilotari gernikarrak.
Partidu berdindua bezain borrokatua izan zen atzo [urriak 8] Donostiako Atano pilotalekuan borrokatu zuten Hiru Hiriburuak txapelketako finalaurrekoa. 22-17ko markagailuagaz nagusitu ziren Leire Garai eta Irati Zabala Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasunen aurka.
“Partidu gogorra izan zen. Hasieratik amaierara arte ez zen partidua apurtu, eta azkenean, detaileetan erabaki zen norgehiagoka”, azaldu du Arrizabalagak. Pilotari gernikarrak dioenez, Garaik eta Zabalak”oso ondo” jokatu zuten, eta hasieratik izan zuten hiruzpalau tantoko aldea ondo kudeatu zen. Hala ere, puntu bakarrera ere hurbildu ziren Arrizabalaga eta Erasun: “Denbora osoan joan ginen atzetik, momentu batean lortu genuen tanto bakarrera jartzea, baina eurek oso partidu borobila egin zuten, eta merezimendu osoz irabazi zuten”.
Partidaren gakoa aukeratutako materiala izan zela uste du Arrizabalagak. Garaik eta Zabalak aukeratutako pilotek ez zioten aurrelari gernikarrari aurrean egin gura zuen joko bizkorra egiten uzten. “Nahiko material baxua atera zuten, ez genuen min askorik egitea lortzen pilota horregaz, eta eurek oso ondo aprobetxatu zuten hori. Indartsuagoak ginen gu, baina aukeratutako pilotek ez ziguten nahi genuen jokoa egiten uzten. Hori ondo aprobetxatu zuten, desberdintasunak ezarri zituzten”, aitortu du pilotariak.
Horrez gain, Erasunekin aurten jokatzen zuen lehen partidua izan zen atzokoa, eta elkar ulertzeko aukera gutxi izan zituztela adierazi du, txapelketako lehen partidua finalerdia izan baitzen: “Gu finalerdietan sartu gara txapelketara, serie buruak izan garelako, eta horrek ere eragina izan du jokoan. Izan ere, beste bikoteek guk baino partidu bat gehiago jokatu dute, eta guk ez dugu elkarregaz jokatu urte guztian. Lehenengo partidua finalaurreko bat izatea ez da erraza”. Hala ere, Arrizabalagak uste du ondo aritu zirela, “baina besteak hobeto”.
Erronka.
Hiru Hiriburuak txapelketatik kanpo geratu ostean, azaroan hasiko den buruz buruko txapelketa du helburutzat Arrizabalagak: “Garrantzitsuena orain, buruz burukoa izango da. Izen ematea zabaldu da, izena eman dut, eta azaroan hasiko da lehia. Irabazteko falta zaidan txapelketa da, eta txapela behingoz etxera ekartzeko gogoa daukat. Nire jokoa hobetzea eta arantza hori kentzea da helburua orain”.