Etxean saioa irabazita, finalaurrekoetara sailkatu da Ibai Amillategi
Gernika-Lumoko Lizeo antzokian jokatu zen atzo [urriak 8] Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa. Saioa irabazita, Lemoako finalaurrekoan ariko da gernikarra.
Atzo [urriak 8] Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, eta gainezka egon zen aretoan irabazi zuen Ibai Amillategi Omaetxebarriak. Etxean irabazita, azaroaren 25ean Lemoan jokatuko den finalaurrekoan aritzeko txartela lortu du bertsolari gernikarrak; saio horretan ariko dira Onintza Enbeita muxikarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra.
Lan puntuagarri guztiak eginda, Amillategi izan zen puntu gehien batu zituena: 479 puntu. Bikain aritu zen saioan, eta zortziko zein hamarreko txikian puntuaziorik altuena lortu zuena izan zen bera, baita ganbarako ariketan ere.
472,5 puntu bilduta, bigarren sailkatu zen Bittor Altube Sarrionandia, eta hirugarrena izan zen Mikel Retolaza Etxebarria bertsolari busturiarra, 455 puntugaz. Haren atzetik sailkatu zen Arkaitz Zipitria Mendizabal, 443,5 puntu lortuta, eta bosgarrena izan zen Julen Ibarguengoitia Ordorika; gernikarrak 438,5 puntu eskuratu zituen. Iker Garitagoitia Astigarragak, aldiz, Ibarguengoitiak baino lau puntu eta erdi gutxiago lortu zituen eta seigarrena izan zen (434 puntu).
Itxaro Juaristi Olaetxeak jarri zituen gaiak saioan, eta hurrengoak aritu ziren epaile lanetan: Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari beharretan, berriz, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Hurrengoa Arrigorriagan.
Arrigorriagako Lonbo aretora joango da Bizkaiko txapelketa orain. Domekan [urriak 15], 17:00etan Lonbo aretoan jarri dute hitzordua, eta bertan ariko dira Iker Uriarte bermeotarra, Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra, Iruri Altzerreka Martinez, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Garikoitz Sarriugarte Onaindia.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Arrigorriagako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren puntuazioa.
- Ibai Amillategi Omaetxebarria: 479 puntu
- Mikel Goiriena Larrazabal: 476,5 puntu
- Bittor Altube Sarrionandia: 472,5 puntu
- Txaber Altube Sarrionandia: 461,5 puntu
- Mikel Retolaza Etxebarria: 455 puntu
- Araitz Katarain Mugarza: 446 puntu
- Arkaitz Zipitria Mendizabal: 443,5 puntu
- Peru Vidal Gurrutxaga: 439 puntu
- Julen Ibarguengoitia Ordorika: 438,5 puntu
- Iker Garitagoitia Astigarraga: 434 puntu
- Koldo Muñiz Aldamizetxebarria: 427,5 puntu
- Izaro Bilbao Arostegi: 383 puntu