"Zuzeneko aurkaria", etxeko lehen partiduan
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Gesalaga Okelan Zarautz hartuko du zapatuan [urriak 7], Urbietan. Bihar [urriak 6], talde aurkezpena egingo dute Basurde Rugby Tabernan.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailako hirugarren jardunaldiko partidua jokatuko du zapatuan [urriak 7]. Hitzordu berezia izango da, asteburu berezi batean kokatua. Izan ere,bihar [urriak 7], 20:00etan, klubeko talde denak aurkeztuko dituzte Basurde Rugby Tabernan, eta biharko partidua Urbietan jokatuko duten lehena izango da. Lehen taldeaz gain, kluba osatzen duten gainontzeko mailetako lantaldeak ere aurkeztuko dituzte taldearen egoitzan. Era berean, klubeko bazkideei euren txartelak banatuko dizkiete.
Zapatuko norgehiagokari dagokionez, taldeko entrenatzaileak, Gorka Argulek, azaldu du euren arerioa, Gesalaga Okelan Zarautz, “zuzeneko aurkaria” dela: “Intentsitate handiko taldea da, urtero lehiakor agertzen dena, eta garaipena lortzeko beharrez helduko dira Urbietara. Edozelan ere, ez dute batere erraz izango”. Aste osoan “gogo” lan egin dute, eta partidura “sasoi puntu onean” iritsiko direla azaldu du Argulek. Zarautzi irabazteko, argi dute kontaktuak “giltzarri” izango direla: “Talde oldarkorra da, fase estatikoak ondo dominatzen ditu, eta garaipen bi lortuta etorriko da Urbietara”.
Etxekoen berotasuna. Bera Beraren kontrako partiduagaz abiatu zuen talde gernika-lumotarrak liga erregularra, eta irabazle atera zen. Harrobiko jokalariek maila erakutsi zuten Donostin, eta “pareko mailan edo hobeto” aritzea espero du entrenatzaileak. Gainera, lehen hitzordua izango da etxeko ikusleen aurrean, klubaren aurkezpenaren biharamunean, eta, horrenbestez, partidu on bat egiteko “beharrezko motibazio denak” edukiko dituzte.