Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du Jai Alain
Azaroaren 11n Jai Alai frontoian eskainiko du kontzertua, 19:30etik aurrera. Sarrerak haziberri.eus webgunean zein Gernikako Turismo Bulegoan eskuratu daitezke bihartik (12:00) aurrera.
Ia hamar urte igaro dira Benito Lertxundik Gernika-Lumon azkenengoz kontzertua eskaini zuenetik, baina Haziberrik lortu du musikaria udalerria hurbiltzea. Hain zuzen ere, azaroaren 11n Jai Alai frontoian eskainiko du kontzertua, 19:30etik aurrera. Sarrerak haziberri.eus webgunean zein Gernikako Turismo Bulegoan eskuratu daitezke bihartik (12:00) aurrera.
Guztira 60 urte daramatza oholtzarik oholtza kontzertuak eskaintzen Lertxundik, eta euskal musikagintzaren eta euskal kulturaren izen handienetako bat bihurtu da. Hala, musikariak egindako “ibilbidea eta ekarpen neurrigabea” omendu gura izan dute Haziberrikoek. “Guretzako sekulako aukera da Lertxundi udalerrira ekarri ahal izatea. Euskal kulturaren erreferentea da, eta kontzertua bere ibilbideari zein kultur ekarpenari errekonozimendua izatea gura dugu”.
Haziberriren helburuei jarraiki, “ahalik eta baldintza” egokienak sortzea izango da antolatzaileen asmoa, bai musikarientzat, bai publikoarentzat. “Jendeak betiko gordeko duen emanaldia izatea gura dugu. Haziberri Gernikako Europako Parkearekin lotzen dugu, orain arte bertan egin ditugulako kontzertuak. Iaz, Benitori parkean jotzeko proposamena luzatu genion, baina ez zen posible izan. Orain, aukera izan dugu, eta aprobetxatu egin dugu”. Kontzertua “historikoa” izatea gura dute antolatzaileek: “Parkean ere saiatzen gara betirako gordeko ditugun ikuskizunak egiten, detaileak zaintzen ditugu, eta honetan ere hori egin gura dugu”.
Erronka handiek neurriko espazioa behar dutela argudiatuta, 1.400 ikus-entzuleentzako espazioa daukan Jai Alai frontoia aukeratu dute emanaldirako. “Gure ustez Jai Alai frontoiak berebiziko espazioa dauka Lertxundiren kontzertua hartzeko. Espazio historikoa da, elegantea”, azaldu dute.
Emanaldia iragartzeko kartelari ere garrantzia “berezia” eman gura izan diote. “Argi” zeukaten musikariaren erretratu edo irudi batek osatu behar zuela kartela, eta, zeregin horretarako, Iñaki Landa ilustratzaile eta diseinatzaileagaz harremanetan jarri ziren Haziberrikoak. “Plazer handiz egin dudan proiektua da. Euskal kulturako izen handiak irudikatzeko aukera askorik ez da egoten, eta ilusioa egiten zidan kontzertu eta kultur proposamen hori irudia jartzeak”, adierazi du sortzaileak.
Lertxundi marrazteaz gain, testuingurua eman dio erretratuari, eta udalerriagaz zein bere sinbologiagaz zerikusia duten elementuak txertatu ditu. “Kartela espresuki kontzertu honetarako eginda dago, eta hainbat ezaugarri izan ditut kontutan hori sortzeko. Batetik, Benitoren musika eta testuingurua kartelera ekartzea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta bestetik, kontzertua non izango zen irudikatzea. Elementu ezberdinak daude, batzuk handiagoak beste batzuk txikiagoak, identifikagarriagoak direnak edo hurbiletik ikus daitezkeenak”.
Eskerrak eman dizkiete kontzertua posible egin duten babesle eta laguntzaileei: Bizkaiko Foru Aldundiari, BBKri, udalari, kultur etxeari, zein Jai Alai eskolari eta Eraman enpresari.