"Guztiontzako Herriak Gorroñori eskatzen dio alkate kargua uzteko duen asmoari uko egiteko"
Guztiontzako Herria herri plataformak agerraldia egin du gaur [urriak 4], Gorroñok alkate kargua ez uztearen arrazoiak azaltzeko eta EAJri ekainaren 17an adostutako akordioa betetzeko eskatzeko. Gorroñori alkate karguan jarraitzeko eskatu diote, "bere ondorengoa Iñaki Gorroño izango dela argitu bitartean".
Jose Mari Gorroñori alkate karguan jarraitzeko eskatu diote berak sortuako Guztiontzako Herria alderdiko kideek. Gorroñok alkate kargua ez uztearen arrazoiak azaldu dituzte gaurko agerraldian [urriak 4], eta EAJri ekainaren 17an adostutako akordioa betetzeko eskatu diote: “Guztiontzako Herriak Jose Mariri eskatzen dio Gernika-Lumoko alkate kargua uzteko duen asmoari uko egiteko, eta gaur egun duen kargua betetzen jarraitzeko, uste baitugu pertsona egokia dela gure udalerriak aurrera egiteko behar dituen proiektuak martxan jartzeko”.
Nerea Revuelta herri plataformako kideak azaldu duenez, ekainaren 12an, udalbatzak osatu aurretik, EAJko Bizkai Buru Batzarraren dokumentu bat jaso zuten, Guztiontzako Herria plataformako edozein hautagai babestuko luketela esanez, Jose Mari Gorroño salbu: “Agiri horretan zehazten zen gure talde politikoko edozein hautagai babestuko luketela alkate izendatzeko, Jose Mari Gorroño izan ezik”. Revueltaren berbetan, agiri horri “berba egiteko” prest zeudela esanez erantzun zien Guztiontzako Herriak, betiere “inolako betorik onartzen ez zutela eta 2015ean lortutako akordioan oinarrituko zirela adieraziz”.
Ekainaren 17an, berriz, Itxaso Atutxarekin batzartu, eta “elkarregaz gobernatzeko” akordioa lortu zutela gogoratu du. Akordio horrek, baina, bi puntu zituela aitortu du: “Lehenengo puntuak dio 2015ean lortutako akordioa oinarri hartuta osatuko genuela udal gobernua; hau da, sei zinegotzi Guztiontzako Herriarenak izanda eta bost EAJrenak. Bigarren puntuak, berriz, Jose Marik betoa onartuko zuela jasotzen zuen, eta Iñaki Gorroñok ordezkatuko zuela, bere ibilbide, prestakuntza eta udal esperientzia oinarri hartuta”.
Udala eratzeko osoko bilkura hartan, Xabier Irazabal EAJko ordezkariak akordioa onartu zuela gogorarazi dute: “Irazabalek onartu zuen akordioa positiboa zela Gernika-Lumorentzat, eta hurrengo alkatea Iñaki Gorroño izango zela”.
Hala ere, azkenengo hilabeteetan Irazabalek zenbait komunikabidetan eskainitako adierazpenak oinarri hartuta, EAJk Iñaki Gorroño alkate izatearen puntua “zalantzan jarri” duela uste dute herri plataformakoek: “EAJk adostasun handiagoko hautagai bat eskatu du medioetan zein uztaileko osoko bilkuran, eta ez du Iñaki aintzat hartu. Hala, EAJri eskatzen diogu akordioa betetzeko, izan ere, akordioak dio Iñaki izango dela ordezkoa. Beste puntu asko ere baditu, eta horiek adostu gura ditugu Jose Marik kargua utzi aurretik“.
Bai Guztiontzako Herriak bai EAJk akordioan adostutakoak bete beharko lituzketela adierazi dute herri plataformako kideek
Hori dela eta, eta akordioan jasotzen diren puntu guztiak bete arte, Jose Mari Gorroñok alkate karguan jarraitzea gura dute: “Lehenengo puntutik zalantzak zabaldu dituzte, eta horrela ez dugu nahi Jose Marik kargua uztea”.
Batzarrak. Revueltak onartu du Guztiontzako Herria eta EAJren tokiko ordezkarien arteko negoziazio mahaiak egon izan direla, baina, bilera horietan “jarrera ez eraikitzailea” erakutsi duela alderdi jeltzaleak: “Uko egin diote 2015eko dokumentua negoziaziorako oinarri gisa onartzeari, ekainaren 17an adostutakoa alde batera utziz, eta ez dute akordioak bilatzeko jarrera eraikitzailea erakutsi”.
Bi alderdiek akordioan adostutakoak bete behar dituztela azpimarratu dute: “Akordioak betetzeko daude, baina alderdi guztiek bete behar dituzte zehaztutakoak”.