Gernikarrei adierazitako konpromisoa beteko dutela diote jeltzaleek
Guztiontzako Herria eta EAJren arteko akordioaren nondik norakoak zehazteko bilerak izan dituzte bi alderdi politikoetako ordezkariek, eta uste dute "oinarri nahikoa" dagoela datozen asteetan Gernika-Lumoko Gobernu Programa "errealista, asmo handikoa eta ilusioz beterikoa" gauzatzeko akordioa adosteko.
Guztiontzako Herria plataformak gaur goizean [urriak 4] egindako adierazpenei erantzun die EAJk, eta ekainaren 17an gernikarrei adierazitako konpromisoa beteko dutela esan dute jeltzaleek: “Nerea Revuelta Guztiontzako Herriaren bozeramaileak behin baino gehiagotan esan du EAJk ez duela Guztiontzako Herria eta EAJren arteko akordioa bete, baina EAJk beti betetzen du adostutakoa, eta oraingoan ere beteko du gernikarrekin hartutako konpromisoa”.
Hori horrela, EAJkoek gogoratu dute ekainaren 17an Guztiontzako Herria herri platafoma bost botogaz babestu zutela, eta euren botoei esker Jose Mari Gorroñok alkatetza lortu zuela: “Gaur egun, EAJ izan da emandako hitza bete duena. Ekainaren 17an bost boto jarri zituen EAJk Guztiontzako Herriak alkatetza izan zezan”.
Akordioari dagokionez, zehaztu dute “ez dagoela idatzizko dokumenturik”, baina bai hitzezkoa, eta hori “konpromiso nahikoa” dela EAJrentzat. “Hitzez adostutako akordio horren arabera, EAJk Guztiontzako Herriaren esku jartzen zituen bere bost botoak, Jose Mari Gorroñok makila bere taldeko norbaiti uzteko baldintzagaz. Bera izan zen Iñaki Gorroñoren izena planteatu zuena”, adierazi dute jeltzaleek.
Azaldu dute, gainera, 2015ean sinatutako testua “akordio berria garatzeko negoziazio oinarri gisa” zehaztu zutela; “hau da, dokumentu hori azken erabakia idazteko abiapuntua izango zela”.
Negoziaketak.
Akordioaren nondik norakoak zehazteko bilerak izan dituzte bi alderdi politikoetako ordezkariek, eta EAJk esandakoaren arabera, atzo “giro eraikitzailean” bildu ziren: “Atzo bertan bilera egin zuten Itxaso Atutxa BBBren presidenteak, Jane Eyre Urkieta Lurralde Exekutibako burukideak eta Iñaki Gorroño eta Nerea Revuelta Guztiontzako Herria plataformako ordezkariek. Bilera horretan, bi orduz, bi aldeek egoera desblokeatzeko eta, ahalik eta arinen Gernika-Lumoko Udalean Gobernu Plana egiteko borondatea agertu zuten. Giro eraikitzaile eta positiboa izan zen nagusi”.
Ondorioz, “harrituta” agertu dira gaurko prentsaurreko deialdiagaz, baina bilera haretan izandako “giro positiboa” kontutan hartuta, uste dute “oinarri nahikoa” dagoela datozen asteetan Gernika-Lumoko Gobernu Programa “errealista, asmo handikoa eta ilusioz beterikoa” gauzatzeko akordioa izteko.