Gernikako EH Bilduk "seriotasuna, ordena eta zentzutasuna" eskatu ditu udalaren "salbuespen egoeratik" irteteko
Gernika-Lumoko EH Bilduk kezka adierazi du, eta "seriotasuna, ordena eta zentzutasuna" eta erantzukizuna eskatu ditu, "udalaren salbuespen egoeragaz amaitzeko". Izan ere, udaleko sailak arduradun politikorik barik daude.
Maiatzeko udal hauteskundeen ostean, ekainaren 17ko osoko bilkuran udalbatza eratu zen Gernika-Lumon, eta EAJren eta Guztiontzako Herria alderdien akordioari esker, Jose Mari Gorroño izendatu zuten alkate; Gorroñok kargua utziko zuela adierazi zuen orduan, baina karguan jarraitzen du oraindik. Ordutik, gainera, udaleko sailak arduradun politikorik barik daude eta Organismo Autonomoetako lehendakaririk ere ez dago. “Salbuespen egoera” hori konpontzeko asmoz, Gernika-Lumoko EH Bilduk kezka adierazi du, eta “seriotasuna, ordena eta zentzutasuna” eta erantzukizuna eskatu ditu.
“Azken hiru hilabete eta erdian egin dugun modura, gaur, gure kezka adierazi nahi dugu Gernika-Lumo pairaten ari den salbuespen egoeraren aurrean, eta desgobernu eta paralisi egoera hau sortu dutenei erantzukizuna eskatzen diegu. Hain zuzen ere, gobernu akordiorik barik, herritarren beharrizanei erantzuteko proiekturik barik eta EH Bilduk eskaintzen duen guztion arteko lankidetzan oinarritutako udalari ateak ixteko helburu bakarra zuen inbestidura hutsala hitzartu zutenei eskatzen diegu erantzukizuna”, adierazi du koalizio abertzaleak.
EH Bilduk dio udal hauteskundeetako emaitzek “argi” adierazi zutela “guztion arteko lankidetzaren” beharra dagoela, eta konpromiso horretatik euren egitasmoak gauzatzea izango dela euren eginkizuna eta lana: “EH Bilduk argi dauka non dagoen bere erantzukizun politikoa, eta ez dago alderdi politikoen arteko aulki jokoan, maiatzaren 28an gugan konfiantza jarri zuten 2.844 herritarrengan baizik, eta EH Bildu bozkatu ez zuten gainontzeko gernika-lumotarrengan ere bai. Konpromiso zintzo horretatik, gure lana egingo dugu, udalerria hobetzeko eta aurrera eroateko”.
Hori guztia “akordio zabalen” bitartez eta “elkarrizketa demokratikoaren bitartez” besterik ez dutela lortuko uste dute koalizio abertzalekoek, agintean egon zein oposizioan egon. “EH Bildu jarrera horretan dago, lehen egunetik eta guar arte, eta jarrara hori mantenduko du: inori betorik ipini barik, inor baztertu barik, herri honen etorkizunaz berba egin nahi duen guztiekin adostasunera heltzeko prest gaude, hori delako lehentasuna. Gernika-Lumok ez du bestelakorik merezi”.