FemiFest: Emakume* eta Transmaribibolloentzako eguna
Gernika-Lumoko Sare Feministak FemiFest jaia antolatu du zapaturako. Emakume* guztiak eroso sentitzeko eta ondo pasatzeko eguna izango da, eta tentsiorik bariko espazioak sortuko dituzte horretarako.
Busturialdeko Emakume* eta Transmaribibolloentzako eguna antolatu du Gernika-Lumoko Sare Feministak, zapaturako [urriak 7]: FemiFest. Denetariko ekintzak prestatu dituzte egun osorako, eta udalerriko zein inguruetako udalerrietako emakumeei* bertaratzeko deia egin diete.
Sare feministako kideak martxoaren 8aren inguruan hasi ziren emakumeei* zuzendutako egun osoko egitaraua antolatzeko beharraz hitz egiten; izan ere, elkarregaz “ondo pasatzeko” eta sareak ehuntzeko beharra ikusi zuten: “Festa eta ondo pasatzeko giroan batu behar ginela pentsatu genuen, gure artean ondo pasatzeko. Gernika-Lumon zein inguruetako herrietan bizi gara sare feministako kideak, eta nahiko sakabanatuta gaude. Momentu puntualetan batzen garen arren, ondo pasatzeko emakumeentzako espazio bat sortzea erabaki dugu”.
Izan ere, urtean lan “asko” egiten dute, eta tentsio mometuak bizi dituzte. Hala, espazio erosoan batu gura dute orain: “Ez da erraza izaten eguneroko militantzia, eta hori aldarrikatzen badugu ere, behar ditugu eroso sentitzeko eta tentsiorik bariko espazioak, gure artean hausnartzeko, egoteko edota barre egiteko, besteren artean”.
Hala, FemiFestaren aitzakian, ondo pasatzeaz gain, azaroaren 30erako mugimendu feministak deitu duen grebari buruz berba egiteko aprobetxatuko dute asanbladan, baita zelan dauden hausnartzeko, ze proiektu bultzatu erabakitzeko eta sarea handitzeko ere; ziurtatu dute goizeko asanbladan itzultzaileak egongo direla eta zaintza zerbitzua ere bermatuko dela.
Hausnarketak eginda, bazkarian elkartuko dira gero, eta hor ere espazio erosoa sortu gura dute, eta, hori bertsolarien egonaldira zein musika kontzertuetara luzatu. Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao ariko dira bertsotan, eta Liher eta Kokein arduratuko dira gaua musikatzeaz. Astrako kontzertuetarako tiketak kulturarako fabrika sozialean bertan zein Arranon eskura daitezke.
Egitaraua.
- 11:00. Busturialdeko Emakumeon* Topaketa.
- Oharra: Goizeko asanbladarako itzultzaileak eta zaintza zerbitzua bermatuko dira.
- 13:00. Poteoa Arranotik.
- 14:30. Bazkaria, Astran: entsalada, barazki paella, postrea eta edaria.
- 16:00. Bertsolariak: Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
- 22:00. Kontzertuak, Astran: Liher eta Kokein (tiketak 10 eurotan salgai Arranon eta Astran)