Eraso matxista bat gaitzetsi du Bermeoko Udalak
Udalak jakinarazi duenez, domekan [urriak 1] izan zen eraso matxista. Herritarrei dei egin diete bortizkeria matxistaren aurkako jarrerari eta konpromisoari eusteko.
Adierazpen instituzional baten bidez, Bermeoko Udalak domekan [urriak 1] herrian izandako eraso matxista salatu du, eta erasoarekiko gaitzespenik “sutsuena” adierazi du: “Argi adierazi nahi dugu ekintza hauek onartezinak direla, eta ez dutela lekurik gure herrian”. Era berean, gertutasuna eta elkartasuna adierazi gura izan diote emakumeari zein bere ingurukoei. “Gure esku dagoen guztian laguntzeko prest gaude”.
Hori esanda, udal ordezkariek azpimarratu dute pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa “eskubide urraezinak” direla, eta salatu dute indarkeria matxista lehen mailako “gizarte arazo” bat dela, “estrukturala eta kolektiboa”.
Diotenez, Bermeoko Udala kontziente da egoeraren larritasunaz, eta, horregatik, herritarrei dei egin diete bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, eta inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, “indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta gizarte osoaren babesa jaso dezaten”.
Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko” desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta gehitu dute ahalginak egingo dituztela elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale bat lortzeko: “Argi eta garbi adierazi nahi dugu gure herrian ez dugula inongo eraso matxistarik onartuko”.
Hala, herritarrei dei egin diete mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko.