Txapela kentzeko moduko lehia
Azkarai-Bidaburu bikoteak, Gandiaga anaiak garaituta, Ajuriako II. Pilota Goxua Txapelketa irabazi du. Antolatzaileek lehiaketa herrikoiaren bigarren ekitaldiaren balorazio "bikaina" egin dute.
Ezin zitzaion amaiera hoberik eskatu Ajuriako II. Pilota Goxua Txapelketari: mailako finalagaz, pilotarien ekinagaz eta ikusleen berotasunagaz borobildu dute esku pilota txapelketa herrikoiaren bigarren ekitadia. Bidaburuk eta Azkaraik osatutako bikoteak, finalean lanak eduki zituzten arren, lortu zuen garailearen txapela. Gandiaga anaiak menperatu zituzten barikuan, 22-19ko markagailuagaz amaituz.
Final lehiatua eta gogorra izan zen, eta bikote biek erakutsi zuten irabazteko bezainbesteko maila. Bidaburu muxikarrak, gainera, “erakutsitako mailagatik eta lehiaketa osoan egindako beharragatik”, pilotaririk onenaren garaikurra eskuratu zuen.
Bigarren ekitaldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek: “Ekitaldi bikaina izan da; txapelketa apurka-apurka hazten ari da”. Iraileko barikuetan lehiatu dute txapelketa, eta ikusle pila bat egon da jardunaldi denetan. Parte hartu duten zortzi bikoteak, gainera, hainbat lekutakoak izan dira: “Muxikarrak, Busturialdekoak, Lea-Artibaikoak, Durangaldekoak edota Zumarragatik etorritakoak”. Hurrengo urtean “aurrera egiteko asmoa” erakutsita, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete babesle eta laguntzaile denei.