Elantxobeko Udalak komun berria ipini du portuan
Menditik eroritako harrien arriskua ekiditeko aldatu dute komunaren kokalekua. Gainera, portura pasabidea berriztu dute, eta bertako argiteria sistema lurrazpiratu.
Elantxobeko Udalak komun berria ipini du portuan, kofradiaren aldamenean. Higienea “lehen mailako beharrizan legez” ulertuta, arestian baskula zegoen tokian ipini dute gizonezkoentzako nahiz emakumezkoentzako komuna. Berez garbitzen dela eta guztiz irisgarria dela argitu dute udaletik, eta Kurtzeko Moilan, herriko arraun elkartearen aldamenean, zeuden komunak ordezkatuko dituela ere bai. Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak azaldu duenez, arraun elkarte alboko komunek bazuten arrisku bat, komun berriaren kokaguneak ez daukana: “Mendi aldetik harriak erortzen ziren tarteka-marteka; berez gunea segurua zen arren, bazegoen aukerarik hori gertatzeko eta, horrenbestez, toki seguruago eta erosoago batera mugitzea erabaki genuen”. Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak babestu ditu lanok, eta 07:00etatik 22:00etara bitartean egongo da erabilgarri. Proiektua Aldundiak lagundutako Herriak Egiten programaren barruan kokatuta dagoela argitu dute udaletik.
Era berean, portura sarbidea ere berriztu du udalak. 2019an onartutako proiektua da portutik herriko sarrerako lehen etxerainoko pasabide hori, eta helburu argia du: “Herritarrek, orain arte, tarte hori errepide hegaletik egin behar izan dutelako, horrek beregain dituen arriskuekin; hori dela eta, irtenbide seguruago eta txukunago bat bilatu genuen”. Obrek 300.000 euro inguruko aurrekontua eduki dute, eta kopuru horren zati bat udalak ipini behar izan du. Horrez gain, bai Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak, bai Irisgarritasun Sailak diruz lagundu dute proiektua. Pasarelaren alboan, Egurrolak azaldu duenez, autoak aparkatzeko eremua dago eta lanek kotxea bertan utzita eta herrira jaitsi gura dutenei “zerbitzu segurua eta eraginkorrra” ematea ere badute jomuga.
Irisgarriago eta seguruago. Lan horregaz, oinezkoentzako 500 metro inguruko tartea “irabazi” dute herrian. Beraz, alkateak adierazi du “urrats esanguratsua” dela segurtasunerako eta irisgarritasunerako bidean. Azkenik, pasabide horretan zenbait aulki ipintzeko asmoa dutela aurreratu du: “Gune ederra da oinezkoentzat, portu eremua aurrez aurre baitu. Beraz, jendeak ikuspegi horretaz goza dezan, aulki batzuk ipini gura ditugu; azken ñabardura hori denboragaz egingo dugu”. Pasabideko argiteria sistema, orain arte bistara zegoena, lurrazpiratu egin dute: “Orain seguruagoa da, eta tokia askoz ere garbiago dago. Argiaren edota telefono zerbitzuaren kable sistema guztia bistara zegoen, zutoinekin eutsita; orain, ostera, pasabide guztia garbiago geratu da lurrazpiratzeagaz”.