Koldo Muñiz bosgarrena izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan
Mikel Goirienak irabazi du Mungian jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa. Gernikan lehiatuko dute bigarren kanporaketa, domekan [urriak 8], eta bertan izango dira Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia eta Mikel Retolaza eskualdeko bertsolariak.
Atzo [urriak 1] Mungiako Olalde aretoan hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta Mikel Goiriena Larrazabalek irabazi zuen, eta zuzenean pasatu da azaroaren 18ko Santurtziko finalaurrekoetara. Koldo Muñiz Aldamizetxebarria bertsolari ibarrangelutarra, berriz, bosgarrena izan zen.
Lan puntuagarri guztiak amaituta, 476,5 puntu eskuratu zituen bertsolari mungiarrak; saioko lan guztietan nagusitu zen, puntu-erantzunetan salbu. Goirienaren atzetik sailkatu zen Txaber Altube Sarrionandia, 461,5 puntugaz, eta hirugarrena izan zen Araitz Katarain Mugarza, 446 puntu bilduta.
Peru Vidal Gurrutxaga, 439 puntu lortuta, laugarrna izan zen, eta Muñizek 427,5 lortu zituen. Seigarrena izan en Izaro Bilbao Arostegi, 383 puntu bilduta.
Saioa Zihara Enbeita Gardokik jarri zituen gaiak saioan, eta epaile lanetan aritu ziren Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari lanetan, berriz, Itziar Basterretxea Olarreaga aritu zen.
Hurrengoa, Gernika-Lumon. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa Gernika-Lumon lehiatuko da domekan [urriak 8]; 17:00etan Lizeo Antzokian bertsoez gozatzeko aukera izango dute bertsozaleek. Bertan ariko dira eskualdeko hiru bertsolari: Ibai Amillategi eta Julen Ibarguengoitia gernikarrak eta Mikel Retolaza busturiarra. Horiez gain, Arkaitz Zipitria, Bittor Altube eta Iker Garitagoitia ariko dira.
Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteek, puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Gernika-Lumoko saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren puntuazioa.
- Mikel Goiriena Larrazabal: 476,5 puntu
- Txaber Altube Sarrionandia: 461,5 puntu
- Araitz Katarain Mugarza: 446 puntu
- Peru Vidal Gurrutxaga: 439 puntu
- Koldo Muñiz Aldamizetxebarria: 427,5 puntu
- Izaro Bilbao Arostegi: 383 puntu