Bermeo Batera, gaixotasun arraroak dituzten umeen alde
Bermeoko Ziklistek taldeak sustatu badu ere, herriko hainbat elkarte eta enpresen parte hartzea egongo da Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen aldeko ekitaldi solidarioan.
Kirola, aisia, gastronomia, musika eta dantza uztartuko ditu Bermeo Batera ekitaldi solidarioak, etzi [urriak 4] hasi eta domekara bitartean. Herriko kirol eta kultur talde eta enpresa ugarik bat egin dute gaixotasun arraroak ikustarazteko helburua daukan Eutsi Gogor Danok Batera elkartearentzako dirua batzeko.
Bermeoko Ziklistek taldeak sustatuko ekimena da Bermeo Batera ekitaldi solidarioa. Eutsi Gogor Danok Batera (EGDB) elkarteko kideen esanetan, hasierako ideia izan zen txirrinduan 24 orduko erronka egitea, duela bi urte egin zuten moduan, eta lortutako dirua gaixotasun arraroak dituzten umeen senideek osatzen duten elkarteari ematea. Barikuan, 17:00etan hasi eta zapatuan 17:00etan amaitzea zen hasierako ideia, eta ideia hori egitarauan txertatuta badago, baina hori txiki geratu, eta askoz ere jarduera gehiagok osatu dute azken egitaraua, eta bost egunerako plana dakarte.
“Bermeoko Ziklistek taldeko kideak herriko kirol eta kultur taldeekin elkartu, eta horietako asko eta asko prest agertu ziren gure elkartearen aldeko zer edo zer prestatzeko. 24 orduko erronka egiten duten bitartean Lameran jarduerak egotea zen asmoa, baina talde asko batu direnez, asko zabaldu da egitaraua”, diote EGDBko kideek.
Dagoeneko dirua batzen. Ekitaldi solidarioa hitzaldiekin abiatuko da etzi. Gaixotasun arraroak dituzten umeen egunerokotasunari buruz ariko dira. Eguenean [irailak 5], berriz, ELA gaixotasuna daukan Jaime Lafitaren seme Diego Lafita egongo da Bermeon. Tandem dokumentalaren ostean beragaz solasaldia egongo da. 18:30ean izango dira biak, Nestor Basterretxea aretoan.
Barikuan ekingo diote, berriz, 24 orduko erronkari. Bermeo, Gernika-Lumo, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo ibilbidea egingo dute pedalkadaz pedalkada; 70 kilometroko ibilbidea da, eta biraka ibiliko dira.
Ekitaldi solidarioa oraindik hasi ez bada ere, dagoeneko diru kopuru bat batuta daukate. “Bermeoko Ziklistek taldeari esker herriko enpresa askok dirua eman dute, eta www.migranodearena.org webgunearen bidez ere laguntza ematen ari dira; orain arte, 3.500 euro inguru batuta daude».
Bestetik, herriko hainbat tabernetan txirrindulari profesionalen maillotak jarri dituzte, eta bi eurogatik parte hartu daiteke horien zozketetan. Ekintza guztietan, gainera, itsulapikoak jarriko dituzte, borondaterako. Eta, zapatu goizean izango den herri lasterketarako dortsalekin ere lagundu daiteke; euro batera eskuratu daitezke Eleizalde Ikastolan, Sagrado Corazon ikastetxean, San Frantzisko herri ikastetxean eta Intersport dendan.
“Berba onak baino ez”. EGDBko kideen postua zapatu eta domeka goizean egongo dela aipatu dute, Lameran; “informazioa eman eta gure materiala edukiko dugu salgai”.
EGDB elkartekoek berba onak baino ez dituzte: «Ez daukagu berbarik hau guzti hau eskertzeko, gaixotasun arraroak ikusarazten jarraitzeko balioko du honek guztiak. Ekonomikoki, bestalde, umeen terapiekin jarraitzea ahalbidetuko du”. Izan ere, argi utzi gura dute elkarteak, batez ere, gizarte segurantzak estaltzen ez dituen terapiak ordaintzera bideratzen duela dirua: fisioterapia, logopedia… edo beste edozein premiarako; “gehienak endekapenezko gaixotasunak dira, eta, beraz, beharrak aldatzen doaz”.
“Izugarri pozik” daude, jende asko mugitzen ari delako ekitaldi solidario hau antolatzeko.
EGITARAUA
- Etzi [urriak 4]. 18:30. Gaixotasun arraroak dituzten umeen egunorokotasunari buruzko hitzaldia, Nestor Basterretxea aretoan. Senideek, irakasle batek, erizain batek eta fisioterapeuta batek parte hartuko dute hitzaldian. Duchenne gaixotasunari buruzko dokumentala ere jarriko dute.
- Urriak 5, eguena. 18:30. ELA gaixotasuna daukan Jaime Lafitaren senideekin solasaldia eta Tandem dokumentala, Nestor Basterretxea aretoan.
- Urriak 6, barikua.
– 17:00. Txirrinduan egiteko 24 orduko erronkari hasiera.
– 17:00-19:00. Bermeoko Erraldoien eta Alkartasuna Dantza Taldearen kalejirak, Lameran.
– 19:00. Dantzaz Blai taldearen kalejira, Lameran.
- Urriak 7, zapatua. Lameran.
– 11:00. Herri lasterketa eta herri kirolak umeentzat.
– 12:00. Umeentzako jolasak, eskulanak eta buztina lantzeko tailerrak.
– 12:30-14:00. Xaibor.
– 13:00. Bermeoko Abesbatzaren kalejira.
– 13:00. Josepa kale kaleren kalejira.
– 15:00. Marmitako herrikoia.
– 17:00. 24 orduko erronkako txirrindulariei harrera Bermeoko Erraldoien Konpartsak eta Izaro Bikersek lagunduta.
– 18:00. Bermeo Batera festibala AIAMA, Miss Baker, The Uski’s eta Tximino talden kontzertuekin.
- Urriak 8, domeka.
– 10:30-12:30. Rapela, tirolina, ur jokoak eta Motx pailazoa, Goiko Plazan.
– 12:30-14:30. Boxeo eta gimnastika erakustaldiak, Lameran.
– 14:30. Oparien zozketa, Lameran.