Kilometroak kontserben truke
24 orduko erronka solidarioa egingo du txirrindu gainean Bermeoko Ziklistek taldeko Roberto Garcia Lamelak; barikuan 17:00etan hasiko du erronka.
Pedalkadaz pedalkada, 24 orduz. Kilometro bakoitzeko kilo bat kontserba. Bermeoko Ziklistek taldeko Roberto Garcia Lamelak egingo du erronka solidarioa.
Barikuan 17:00etan Gurutze Gorriak daukan lokaletik aterako da, eta leku eta ordu berean amaituko du erronka zapatuan. 24 ordutan egiten dituen kilometroak kontserbengatik trukatuko ditu. Camposek emango ditu kontserbak, eta Bermeoko Gurutze Gorriarentzat izango dira.
Ibilbidea honakoa izango da: Bermeo, Gernika-Lumo, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo. Erronka Garciak egingo badu ere, ez dutela bakarrik utziko esan du haren taldekide Aaron Llorens Allikak: «Saiatuko gara momentu oro beragaz egoten». Hala ere, Garciak egindako kilometroak baino ez dituzte kontuan edukiko.
70 kilometroko ibilbidea dela dio Garciak. Llorensen kalkuluen arabera, Garciak hamar bira inguru egin ahalko ditu 24 ordutan, eta bira bakoitza bi ordu eta erdi inguruan egin dezakeela uste du: «Uste dut 600 kilometro inguru egingo dituela, eta horiek 600 kilo kontserbengatik aldatuko dizkigute».
Gurutze Gorriaren lokala erabiliko dute anoa postu modura, eta bertan kargatuko dituzte argiztapenerako beharrezkoak dituzten bateriak ere. «Buelta bakoitzeko geldialdia egingo dugu han ura edateko edo zerbait jateko beharrezkoa baldin bada», esan du Garciak.
Kontserbak Kate Sarea elkartearentzat izatea pentsatuta zeukaten hasiera batean. Elkarteak, baina, ekainaren 12an egin zuen bere azken elikagai banaketa, bederatzi urteren ostean. Gurutze Gorria arduratzen da orain Bermeon gehien behar dutenen artean elikagaiak banatzeaz, eta horientzako izango da, hortaz, erronka solidariotik lortutakoa. «Bermeotarrentzat izatea gura genuen, hemen ere badagoelako beharrizana daukaten norbanako edo familiak».
Horrelako erronka bat egiteko ondo prestatu beharra dago: «Entrenatzea beharrezkoa da, eta ibilbide luzeak egin behar dira. Hala eta guztiz ere, psikikoki ere ondo prestatu beharra dago, burua gauza horietarako oso garrantzitsua baita. Garrantzitsua da zeure buruari esatea gai zarela, eta egingo duzula».
Gaua ere aipatu du. Gogoratzen du Santiago bidea egin zuenean, lo geratzen zela beragaz erronka egiten ari zena: «Izartu egin behar nuen». Gauez, baina, haren ustez, autoek gehiago errespestatzen dituzte txirrindularien joan-etorriak, «argia eta islagailuak ikusten dituztelako».
Ibilbide gogorra. Erronka solidarioa egiteko aukeratu duten ibilbidea «gogorra» dela aipatu dute: «Kontuan hartu behar da, alde batera zein bestera, Bermeotik ateratzea gogorra dela. Asko ez dira honaino etortzen»
Garcia eta Llorens ibili dira erronka antolatzeko lanetan, «euren denbora librean eta txirrinduan egindako bueltetan». Aspaldidanik buruan zeukaten ideia bat dela aipatu dute. «Santiagoko bidea egiteko erronka solidario batean parte hartu nuen 2017an, eta Bermeon horrelako zer edo zer egitea ondo legokeela pentsatu nuen eta taldean komentatu nuen», azaldu du Garciak.
Orain dela bi urte hasi ziren erronka solidarioa prestatzen, Camposegaz harremanetan jarri, eta baiezkoa jaso zuten. Ia dena prest zeukatenean koronabirusaren pandemiak erronka gelditu zuen. Gerora, uztailaren amaierarako hitzordua jarri zuten, baina COVID-19a izan zuen Garciak, eta atzeratu beharra eduki zuten.
Erronka ondo baldin badoa, jarraipena edukitzea ondo legokeela uste dute, baina horretarako laguntza gehiago behar dutela diote: «Jendeak ondo ikusten du proposatzen den guztia, baina gero gauzak egiterako orduan gehiago kostatzen da. Uste dut batzuei kosta egiten zaiela aurrea hartzea». Orduan, erronka solidarioekin jarraitzea gurako lukete, baina «errelebo apur baten» beharra ere ondo legokeela adierazi dute.
Camposi eta Gurutze Gorriari eskerrak emateaz gain, Gaztelugatxe Gozotegiari ere eskerrak eman gura dizkie, 24 ordurako txokolatea emango baitie.
Orain dela bi urte hasi ziren baita ere Minbiziaren Aurkako Elkartearentzako «diru apur bat» batzen. «Asteburuetan txirrinduan ateratzen garen bakoitzean, kafe bat hartzen dugu. Txirrindulari bakoitzak euro 2 jartzen ditu, eta soberakinak gorde egiten ditugu. Beste edozertarako erabili beharrean, urte amaieran potean geratzen den diru hori Minbiziaren Aurkako Elkarteari ematen diogu», azaldu du Llorensek.
25 urtetik gora daramatzate Bermeoko Ziklistek. Orain, «arrazoi desberdinengatik» pertsona gutxiago batzen badira ere, 30 eta 40 laguneko taldean atera izan direla diote: «Behin ertzainek gelditu gintuzten Gernika-Lumon, eta banatzeko eskatu ziguten».
Ibilbide luzeak egiten dituzte, Iaz, esate baterako, Iruñeraino joan ziren. Aurten, Gasteiz, Bilbo eta Donostiaraino joan dira; 07:00etan irten eta 15:00etarako bueltatzen dira. Eta, urtero, urtarrilaren 1ean, 12:00etan Sollubera igotzeko ordua jarrita daukate, «berdin da zein den eguraldia». Arantzazura ere urtero joaten dira; aurten, gainera, birritan.
Bizio bat dela diote biek. Txirrinduan ibiltzea gustukoa dute, baina ez, ordea, lehiatzea. «Lehiak ez nau motibatzen», dio Llorensek.
Beste alde batetik, udalak kirolaren aldeko apustu handiagoa egin beharko lukeela uste dute; «babes handiagoa eman beharko luke, orokorrean ari gara. Bultzatu egin beharko luke kirola egitera. Ez dakit zer egin beharko litzatekeen, baina zer edo zer egin behar dela uste dugu».